Unibertsitate hezkuntza

2020ko martxoan hasitako etxeratze aginduarekin batera, unibertsitatea ikasgai guztiak online bihurtzeaz gain, ez zegoen prest pandemia egoerak behartutako aldaketa guztietara behar bezala egokitzeko. Noraeza handia eta pauta zehatzen falta medio, erabaki asko modu inprobisatuan hartu behar izan ziren. Hala ere, ikasle gehienei ikasten jarraitzeko aukera ematea lortu zen eta kurtsoa nola edo hala bukatzea ahalbidetu.

Ikasturte berrian, ordea, planifikazio denbora gehiago egon da beharrezko aldaketak hobeto pentsatu eta baliabideak martxan jartzeko. Zoritxarrez, hausnarketa eta erabaki gune horietan ez dira unibertsitatean parte hartzen duten sektore guztiak egon —besteak beste ikasleak—, eta horrek hutsune asko egotea eragin du. Unibertsitate eta fakultatearen arabera, online ikasketa, izaera bimodala edo guztiz presentziala proposatu dira, horri buruzko informazioa berandu helarazi zaiolarik ikaslegoari. Bestalde, burbuilak mantentzeko asmoz, ordutegiak aldatu egin behar izan dira azpiegiturak eskaintzen dituen aukera urrietara mugatuz. Ez da kontuan izan guzti horrek ikaslegoaren bizitzetan izan zezakeen eragina: ikasle pisuen errentei, arrakala digitalari, aldi berean ikasle eta langile diren ikasleen ordutegiei… dagokionez. Hortaz, pandemiak lehendik zeuden gabezia asko azalerarazi eta areagotu ditu.

Ikasketa metodologiari dagokionez, unibertsitate zein fakultatearen arabera, hezkuntzaren egokitzapena egoera eta ikasketa mota bakoitzaren beharretara moldatzeko ahalegina egin da. Klaseak etxetik jarraitzeko tresneria berriak martxan jarri arren, horiek irakaskuntza-metodologiekin askotan ez datoz bat. Adibidez: kamarak ditugu, baina ez da arbela ikusten; mikrofonoak daude, baina ez da ondo entzuten; elkar ikus gaitezke baina ez taldeetan lana egin online… Irakaslegoaren zati handi batek tresneria berriarekiko duen ezagutza mailak, klaseak behin eta berriro mozteaz gain, ikasleen motibazioan eta irakaskuntza-kalitatean eragina izan du.

Segurtasun protokoloen ezagutza edota zehaztasun faltak ikasgai bakoitzean aplikazio desberdinak egotea ekarri du: gehiegizko bentilaziotik hasi (ikasgelan hotza pasatzeraino), eta irakasleak konfinatzerakoan ikasleei lana eman edo ez erabakitzeraino. Bestalde, harremanetan distantzia areagotu egin da, eta komunikazioa eta klaseko parte-hartzea zaildu. Alde batetik, musukoaren erabileraren ondorioz, eta bestetik, online ikasten duten ikasleek egunean ordu asko jarraian pasatu behar izaten dituztelako pantaila bati begira eta bakarrik. Oro har, ikasketa presentziala mantendu ahal izan duten ikas-talde zein fakultateetan ikaslegoak ez ditu horrenbeste zailtasun hauteman, ikasgaien kalitatea mantenduz eta gaiaren haria motibazioz jarraitzeko erraztasun gehiago izanik.

Ordu lektiboetatik kanpo ikasteko, bazkaltzeko, eta kideekin harremantzeko azpiegitura falta areagotu da segurtasun protokoloengatik. Adibidez, ikasteko guneak (ikas-mahaiak, liburutegia, ikas-gelak…) are txikiago geratu dira eta ez dago ikasle guztientzako edo talde-lanak egiteko lekurik; ez urtean zehar, ez azterketa garaian. Gainera, dauden espazioak (liburutegia, kasu) kudeatzeko martxan jarritako mugikorretarako aplikazioak ez dira ikasleen beharretara egokitzen eta arrakala digitala areagotzen dute. Unibertsitateko kafetegi eta jatetxeak irekita mantentzea positiboa izan da. Baina etxetik ekarritako janaria bazkaldu edota atsedena hartzeko dohako espazio eta baliabideak kendu direnez (adibidez, jangela eta mikrouhin labeak), jendea egunero kontsumitzera eta kafetegietan pilatzera behartu du.

Garraioari dagokionez, kontraesan argiak azalerarazten dira halaber. Orain arte egon diren garraiobide kopurua mantendu egin da, eta horrek jende pilaketak eragiten ditu autobus eta metroetan, zenbait zerbitzuetan. Unibertsitatean neurriak hartu arren, bertara heltzeko bideetan hartzen diren neurriak ere oso garrantzitsuak dira espazio hauetan kutsadurak ez gertatzeko. Are gehiago, kontuan izanik garraiobideetan fakultate, herri zein herrialde desberdinetako jendea mugitzen dela, burbuilak etengabe puskatuz.

Azkenik, antsietate digitalak, neurri berriek eta egoerak sortzen duen ziurgabetasunak ikasleen egoera emozional eta motibazioan eragin negatiboa izan dute. Fakultate bakoitzeko intzidentzia-tasa eta kasuen aztarnatze lanari buruzko informazioa eskuragarri ezak antsietatea sortu du ere.

Proposamenak

Aipatutako gabeziei irtenbide bat emateko hainbat hobekuntza proposatzen ditugu:

  • Erabakiguneetan unibertsitateko sektore guztietako ordezkariak integratu, interlokuzio jarrai bat bermatzeko, akats eta beharrei hobe erantzun ahal izateko. Datorren ikasturterako neurrien egokitzea eta metodoei buruzko hausnarketa sakona egiteko ere.
  • Pandemiari aurre egiteko protokoloan falta diren zehaztapenak sartu, inprobisazioari uzten zaion tartea murriztu eta ikasle edota ikasgaien artean desberdintasunak ekiditeko.

Azpiegitura

  • Bazkaltzeko espazioak eta tresnak ahalbidetu, behar diren garbiketarako materialarekin, bertan bazkaltzeko aukera izateko.
  • Ikasketarako espazioak handitu eta ahalbidetu, bereziki azterketa garaian, beharrezko diren baliabideak martxan jarriz (garbiketarako, zaintzarako…).
  • Atsedenaldietarako espazio duinak eskaini: aterpeak kalean, gelak eraikinen barruan…
  • Espazio itxietako aireztapena modu egokian erregulatzeko, airean CO2aren (eta beraz, arnastutako airearen) konzentrazioa neurtzen duten gailuak jarri gela guztietan.

Komunikazioa: zer, noiz eta nola?

  • Protokoloa eta eskaintzen diren baliabide berri edota laguntza bideak (ekonomikoak, digitalak…) jakinarazteko saioak antolatu edo komunikazio-bide hurbilagoak erabili.
  • Ikasturtearen nondik norakoak gutxienez aurreko kurtsoaren bukaerarako helarazi (metodologia, ordutegiak, beharrezko tresneria…) ikasleek hartu beharreko erabakiak modu egokian hartu ahal izateko (pisuen alokairuak, ikasketa eta lanaren uztartzea…).
  • Gaur egun dagoen posta elektronikoetako mezu gainkarga ekiditeko komunikazio bide desberdinak sortu, informazio mota bakoitza modu antolatuan eskatu eta helarazteko: egutegi digitalak, kontaktu posibleen jarraipena egiteko plataformak…

Metodologia eta tresneria berria

  • Irakaslegoari formakuntza eskaintzeaz gain, baliabide digitalak erraztasunez erabiltzeko gaitasuna dutela ziurtatu, klaseak etengabe moztea ekidin ahal izateko.
  • Irakasleen arteko koordinazioa areagotu ikasleei talde lanetan jende kopuru berdina eskatu eta burbuilak mantendu ahal izateko.
  • Online klaseen kalitatea hobetu: pantaila aurrean erraz jarraitzeko klaseak diseinatu, ahotsak ondo entzuten direla ziurtatu, kalitatezko irudia…
  • Antsietate digitala murrizteko, pantailari begira pasatu beharreko orduak murriztu metodologia egokituz: bestelako lanak egin, irakurketak eskatu…
  • Plataforma digitaletan ikasketak burutzeko beharrezko material guztia eskuragarri jarri, arazo teknikoak edo konfinamenduak egon daitezkeela kontuan izanik.
  • Baliabide pertsonalak areagotu klaseak ahal bezain beste presentzialak izan daitezen, beti ere, online etxetik jarraitzeko aukera emanik konfinatuta daudenei.

Garraioa

  • Garraiobideak areagotu (metroa, autobusak…) jende pilaketak ekiditeko.
  • Kanpusaren arabera, aparkatzeko leku gehiago eskaini eta dohakoak egin, garraiobideak erabili ordez kotxez mugitu nahi edo behar dutenen kopurua areagotu egin baita.

Baliabideak eta ongizatea

  • Arrakala digitala murrizteko, unibertsitatean ikasteko ordenagailu finkoak berriro ere eskuragarri jarri, horretarako beharrezko diren garbiketa neurriak eskainiz.
  • Hizkuntza eskubideak errespetatu martxan dauden zerbitzu guztietan (esaterako, kirola egiteko zerbitzu digitala EHUn gazteleraz bakarrik eskaini da).
  • Unibertsitateko kideei laguntza psikologikorako zerbitzua eskaini.
  • Ordaindu beharreko tasen berrazterketa bat egin, ikasle batzuen ikas baldintzak eta irakaskuntza metodologia aldatu egin baitira.