Txertoak eta txertaketa planak

2020ko otsailerako, aunitz enpresa farmazeutikok SARS-CoV-2ren aurkako txertoen proiektuak abiarazi zituzten. Gaur egun, 100 taldek baino gehiagok 63 azterketa kliniko eta 170 aurrekliniko inguru dituzte martxan1. Ahalik eta denbora laburrenean emaitza fidagarriak lortzeko asmoz, Munduko Osasun Erakundeak (MOE), 2020ko apirilean, hainbat txertoren nazioarteko entsegu bateratu bat egitea proposatu zuen. Honen harira, Oxfordeko Unibertsitatea, Moderna, Johnson & Johnson eta Curevac bezalako erakunde eta enpresek, besteak beste, elkarrekin lan egiteko eta datuak partekatzeko konpromisoa hartzen zuen deklarazio bat sinatu zuten. Hala ere, ez zituzten inoiz MOEren jarraibideak bete2.

MOEk COVID-19aren aurkako teknologiarako sarbide mankomunatua (C-TAP) eta COVAX mekanismoa (COVID-19aren aurkako txertoak mundu osoan sartzeko mekanismoa) bultzatu zituen, bai ekoizpena bermatzeko, bai eta txertoen eskuragarritasun globala, azkarra eta bidezkoa bermatzeko ere34. Urtebete geroago, C-TAP eta COVAXean adostutako konpromisoak ez dira kontuan hartu, nahiz eta txertoen ikerkuntzak eta ekoizpenak milaka milioi euro jaso dituen hainbat estatutako funts publikoen diru-laguntzen bitartez. Gainera, baliabide ekonomiko gehien dituzten herrialdeek bereganatzen dituzte merkatura ateratzen diren dosi gehienak, eta horrek herrialdeen arteko pandemiari aurre egiteko tresnen arteko aldeak areagotu ez ezik, osasun-pasaporteen eskuragarritasunari ere eragingo dio.

Gaur egun, Espainian erabiltzeko onartutako lau txerto daude: Comirnaty (Pzifer-BioNTech); COVID-19 Vaccine Moderna (Moderna); VaxZevria (AstraZeneca) eta COVID-19 Vaccine Janssen (J&J)5. Haien garapena aurrekaririk gabeko epe motzean lortu izanak zalantzak sortu ditu, baina abiadura handiago hori ez da segurtasun murrizketan oinarritzen6. Lortutako txertoek gainditu egin dituzte edozein txerto onartzeko behar diren azterketa aurrekliniko eta kliniko guztiak. Baina gaur egungo osasun-larrialdiko egoeran, baldintzapeko merkaturatze-baimena eman da, herritarrei ahalik eta lasterren txertoa jarri ahal izateko. Ondorioz, onartu zirenean, txertoetako batek ere ez zuen 2-6 hilabetetik gorako jarraipen-denbora gainditzen, eta, beraz, ez dakigu epe ertainean edo luzean ondorio kaltegarririk izan ote dezaketen. Ondorio horien gaineko ziurgabetasuna onartzeak (teorian probabilitate txikikoak, baina posibleak direnik ezin ezeztatu) gizarte-eztabaidara eramango du arrisku txikiagoa hartzeko egokitasuna, benetako onura handiago baten mesedetan. Edonola ere, txertoei buruz indarrean dauden zalantza ugari daudenez, ulertezina da saio klinikoetan eta herritarren txertaketa-prozesuan lortutako emaitzen erabateko gardentasuna ez ziurtatzea. Horrek zaildu egiten baitu iritzi arrazoitua eta, beraz, mediku-gomendio sendoa ematea, txertoekiko mesfidantza murrizteko ezinbestekoa dena78.

Onartutako txertoekin egindako azterketek infekzioa prebenitzeko gaitasunari, zein kutsagarritasuna edota hilkortasuna murrizteari ez zieten lehentasunik eman eraginkortasuna zehazteko aldagai nagusi gisa9. Ezagutzen ditugun eraginkortasun handiko zifrak (%70-95) 3. aldiko saio klinikoetan zehaztutakoak dira, eta txerto horiek gaixotasun (COVID-19) sintomatiko arina edota moderatua izateko arriskua murrizteko duten gaitasuna islatzen dute batez ere10. Erresuma Batuko eta Israelgo esperientziek, hurrenez hurren, birusaren kutsatzeak11 eta transmisioa12 murrizten direla erakusten badute ere, baliteke neurri batzuk mantendu behar izatea (distantzia soziala, musukoak erabiltzea, aireztapena, etab.), gutxienez biztanleriaren %70 immunizatuta egon arte. Bestalde, oraindik ez dakigu txertoaren babesak 6 hilabetetik gora zenbat iraungo duen, edota etorkizunean babesari eusteko oroitzapen-dosiak eman beharko diren ala ez.

Europan, 2020ko abenduaren 27an hasi zen COVID-19aren aurkako txertaketa, eta lehentasuna eman zitzaien larritasun eta hilkortasun handieneko gaixotasuna izan zezaketen pertsonei (adinekoak eta patologia anitzekoak) zein esposizio handieneko kolektiboei (langile soziosanitario eta sanitarioak)13. Hala ere, lehen taldeko txertaketa bete aurretik, bigarren taldeko gehienei jarri zaie txertoa (lanpostuan COVID-19 kasuekin kontakturik izan ez duten langileak, zein polizia, suhiltzaile, farmazialari edo hainbat funtzionario kolektiboetako langile gazteak barne). Horrela, 60 urtetik gorako dozenaka mila pertsonak (adin horretatik aurrera, COVID-19ak eragindako heriotza-arriskua esponentzialki handitzen da) ez du txertorik jaso14. Lehen aipatutako lehentasun irizpidetan, gainera, ez dira esposizio-maila handia izan lezaketen lanpostuetako langile-talde batzuk aipatzen, hala nola supermerkatuetako eta garraiobide publikoetako langileak. Ezta pobrezia, pilaketa eta gizarte-bazterketa jasateagatik arriskuan dauden pertsonak eta adinekoen egoitzetatik kanpo dauden pertsonak zaintzen dituzten lan-kolektiboak ere, hala nola etxeko laguntza, etxeko lana edo harrera-etxeetan aritzen diren langileak15. Patologia kronikoak dituzten pertsonak (kardiobaskularrak, immunoeskasiak, diabetesa, minbizia, e.a.), zein haurdun dauden emakumeak ere ez dira lehentasun taldeetan sartu, infekzio-arriskua eta haren ondorioak gainerako herritarrenak baino handiagoak izan arren.

Urgentzia-onarpena dela medio, eta epe ertain eta luzerako segurtasun-daturik ez dagoenez, enpresa farmazeutikoak txertoek merkaturatzen direnetik izan ditzaketen albo ondorioen inguruko erantzunkizunetatik salbuetsi egin dituzte estatuek1617. Eragin desiragaitz larri eta oso arraroak agertzeak (adibidez, Astra-Zeneca eta J&J txertoetarako deskribatutako tronbozitopenia tronbotiko immunea) agerian utzi du politikaren eta zientziaren arteko bereizketa. Gertaera horiek arineketan kudeatzeak nahasmena eta zientziarekiko mesfidantza sortzen du. Onura-arrisku erlazioak modu sinesgarrian jakinaraztea ez da erraza18192021, baina funtsezko helburua da txertoekiko konfiantza ahultzen duten eta txertaketa-planak arriskuan jartzen dituzten beldurrak saihesteko7. Baita ere, txertaketa-kanpainaren arrakastari dagokionez, garrantzitsua da, eskura dagoen informazioa behar bezala ulertu ondoren, txertoa hartzeari uko egiten dioten pertsonak errespetatzea ere.

Proposamenak

  • Aditu independenteen (farmakologoak, birologoak, epidemiologoak, lehen mailako arretako medikuak, etab.) batzorde bat sortu, txertoen albo-ondorioak kontrolatu, jarraipena egin eta hobetzeko, txertoek herritarrengan eta birusaren aldaeretan dituzten ondorioak eguneratzeko, eta eskuragarri dagoen ebidentzian eta adituen gomendioetan oinarritutako txertaketa-plan solido bat definitzeko.
  • Sistema iraunkor bat diseinatu txertaketa-planari, txertatutako pazienteei eta haien jarraipenari buruzko datuak biltzeko. Datu horiek publikoak izateaz gain, aurreko puntuan aipatutako batzordeak erabiliko lituzke, eta argitaratzen den ebidentziarekin alderatuko lirateke.
  • Biztanleria-maila ahulenetan txertoen banaketa zuzena bermatzeko plan bat egin, talde horietan txertaketaren onurei buruzko ahalegin komunikatibo berezia eginez. Era berean, txertaketa-planei eta albo-ondorioei buruzko komunikazioa hobetzea, aukeratzeko askatasuna bermatuz.
  • Txertaketa-postu bakoitzean dosirik galtzen ez dela ziurtatu behar da, erreserba-zerrenden, estrategia logistiko egokien, stocken tokiko kudeaketaren, eta abarren bidez.
  • Hilkortasun handiena duten populazio-taldeen txertaketari lehentasuna eman behar zaio, ez arrisku txikiagoa dutenenari. Aldez aurretik infekziorik izan ez duten pertsonen txertaketa eta 60 urtetik gorakoei bigarren dosiak ematea lehenetsi behar da22.
  • Datu gordinetarako sarbidea eta txertoen saio klinikoen emaitzen zenbaketa independentea bermatu behar da, sinesgarritasuna sendotzeko eta erabaki klinikoak hartzean uste sendoak bultzatzeko.
  • Agintari eskudunek C-TAP eta COVAX mekanismoaren akordioak eta helburuak berma daitezen eska dezatela.
  • Eskumena duten agintariek txertoen patenteak aldi baterako eteteko eska dezatela, eta “nahitaezko lizentziaren” mekanismoak aktibatu, arazo juridiko, logistiko eta geopolitikoen gainetik, mundu mailako osasuna zaintzeko. Bestela, enpresa farmazeutikoek jasotako diru-laguntza publikoak itzultzeko/ordaintzeko exigitu beharko zaie.

  1. Gomez Marcos J., Lasarte Sanz I. (2021) Vacunas contra el SARS-CoV-2. AMF 17(2):2884. ↩︎

  2. Declaración pública en apoyo de la colaboración para el desarrollo de una vacuna contra la Covid-19. OMS, 13/04/2020. https://www.who.int/es/news/item/13-04-2020-public-statement-for-collaboration-on-covid-19-vaccine-development ↩︎

  3. Acceso y distribución de vacunas: ¿cómo se logrará distribuir de manera justa y equitativa una cantidad limitada de existencias? OMS 12/01/2021. https://www.who.int/es/news-room/feature-stories/detail/access-and-allocation-how-will-there-be-fair-and-equitable-allocation-of-limited-supplies ↩︎

  4. Krause P., et al. (2020) Covid-19 vaccine trials should seek worthwhile efficacy. Lancet 396:741-3. ↩︎

  5. https://www.aemps.gob.es/la-aemps/ultima-informacion-de-la-aemps-acerca-del-covid%e2%80%9119/vacunas-contra-la-covid%e2%80%9119/informacion-de-vacunas-autorizadas/ ↩︎

  6. https://www.aemps.gob.es/la-aemps/ultima-informacion-de-la-aemps-acerca-del-covid%e2%80%9119/vacunas-contra-la-covid%e2%80%9119/como-ha-sido-posible-acelerar-tanto-la-disponibilidad-de-vacunas/ ↩︎

  7. Rosenbaum L. (2021). Escaping Catch-22 – Overcoming Covid vaccine hesitancy. N Engl J Med 384:1367-1371 ↩︎

  8. Johnson R.M., et al. (2020) Covid-19: Should doctors recommend treatments and vaccines when full data are not publicly available?. BMJ 370:m3260. ↩︎

  9. Doshi P. (2020) Will covid-19 vaccines save lives? Current trials aren’t designed to tell us. BMJ 371: m4037 ↩︎

  10. Polack F.P., et al. (2020) Safety and efficacy of the BNT162b2 mRNA Covid-19 vaccine. N Engl J Med 383:2603-15. ↩︎

  11. https://www.ndm.ox.ac.uk/files/coronavirus/ciscommunityvaccinationpaper20210417complete.pdf ↩︎

  12. Mallapaty S. (2021) Scientist seek clues that COVID-vaccine rollouts are working. Nature 589: 504-505 ↩︎

  13. Estrategia de vacunación Covid-19 en España. Líneas maestras. Ministerio de Sanidad. Gobiernos de España. 23/11/2020. ↩︎

  14. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/covid_vac_datos/es_def/adjuntos/20210421-Txertoak-Vacunas.pdf ↩︎

  15. Upshaw T.L., et al. (2021) Social determinants of Covid-19 incidence and outcomes: a rapid review. PLoS One 16:e0248336. ↩︎

  16. Olmo G.D. (2021) Vacunas contra el coronavirus: a qué se debe el secretismo que rodea los contratos entre los gobiernos y las farmacéuticas. https://www.bbc.com/mundo/noticias-internacional-55804567 ↩︎

  17. Apuzzo M., Gebrekidan S. (2021) Los acuerdos secretos por las vacunas. https://www.nytimes.com/es/2021/02/01/espanol/vacunas-secretos.html ↩︎

  18. https://www.ema.europa.eu/en/news/astrazenecas-covid-19-vaccine-ema-finds-possible-link-very-rare-cases-unusual-blood-clots-low-blood ↩︎

  19. Criado M.A. Mezclar dos vacunas, una estrategia para desatascar la lucha contra el coronavirus. El País. 15/04/2021. ↩︎

  20. Winton Centre for Risk and Evidence Communication. Communicating the potential benefits and harms of the Astra-Zeneca COVID-19 vaccine. 7/04/2021. ↩︎

  21. Bruni P. La crisis de AstraZeneca ya se nota en el rechazo a la vacuna en Madrid y Andalucía. El Confidencial. 9/04/2021. ↩︎

  22. Wei J., et al. The impact of SARS-CoV-2 vaccines on antibody responses in the general population in the United Kingdom. https://www.ndm.ox.ac.uk/files/coronavirus/covid-19-infection-survey/cisantibodyresponseaftervaccination20210416complete.pdf ↩︎