Faktore sozioekonomikoak

Pandemiak ia biztanle guztiei eragiten dietelako definitzen diren arren (hitzez hitz), ezaugarri hori ez da batere nahiko izaten haien ondorio sozioekonomikoak ebaluatu nahi direnean. Eta erakundeek pandemiari emandako erantzunaren funtsezko arazo bat sistema publikoaren lasaiera falta izan da1.

Pandemiak eta horri aurre egiteko hartutako erabaki politiko eta sanitarioek (kontaktuen murrizketa kutsatzeak gutxitzeko, jarduera ekonomikoak eteteko izan duen ondorioarekin, negozioen itxierak, etab.) estres-proba bat eragin diote zerbitzu publikoen sistemari. Nahiz eta kasu batzuetan giza baliabideekin zein baliabide ekonomikoekin sistema publikoa indartzeko ekimenak ikusi diren, horiek ez dira nahikoak izan, bistan denez. Horrek adierazten du pandemiaren ondorioz sortzen ari diren premien eta eskaeren diagnostiko kualitatibo eta kuantitatibo bat falta dela. Era berean, agerian geratu dira edozein lasaiera (denborena, langileena, espazioena, baliabideena) saihesteko espresuki diseinatutako ekoizpen-eredua eta enplegu-eredua. Eraginkortasunaren ikuskera estu horrek, kontable hutsa dena, enpresatik haratago zabaldu du Just in Time kudeaketa-paradigma2, osasun-arloa bezain funtsezkoak diren zerbitzuetan ere nagusitu delarik, non langileen behin-behinekotasuna %40 ingurukoa izan daitekeen3.

Lan-eremuan, COVID-19aren pandemiak zerbitzuen esparruari lotutako sektoreak kolpatu ditu bereziki, zeintzuk lan egiteko mugikortasun- eta kontaktu-maila handiak behar dituzten4. Horien artean, ostalaritza, txikizkako merkataritza eta turismoa dira kaltetuenak, baita mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko sektorea ere. Era berean, eta metriketan ateratzen ez diren arren, lan-baimenik gabe eta, beraz, inolako bermerik eta lege-estaldurarik gabe lan egiten duten pertsonak daude. Sektore ekonomiko hauek, ehuneko handi batean, telelanaren bidez lan egin ezin duten pertsonak enplegatzen dituzte, lan-baldintza eskasak eta prestakuntza-maila ertain-baxua dituztenak. Arreta langileengan jarrita, gehien kolpatutakoak diru-sarrera txikienak dituztenak dira, gazteak eta etorkinak; pandemia iritsi aurretik egoera prekarioan zeuden profilak, alegia5. Berriro ere, sektore eta langile horiek nahikotasun-mugan zeuden jada, haren azpian ez zeudenean, jarduera ekonomikoaren geldiera edo mugatzeri hobeto aurre egitea ahalbidetuko zien ezinbesteko tarterik gabe.

Lan-merkatuan duen eraginaz gain, esperientzia historikoak erakusten du pandemia bat iristeak areagotu egiten duela jipoitutako gizarteen desberdintasuna6, eta biztanlerik ahulenek sufritzen dutela gehien. Caixabank Researchek7 berriki egindako azterketen arabera (milioika nominen bilakaera monitorizatzen du), 2020ko otsailetik abendura Gini indizea 1,36 puntu igo da Estatuan. Indize hau diru-sarreren desberdintasun neurria da, eta gora egiteak txarrera egin duela esan nahi du. EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan, indize hori 1,15 eta 0,55 puntu igo zen, hurrenez hurren.

Euskal Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Nafarroako Errenta Bermatua berdintasun ezaren, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren gorakadaren aurkako euste-dikeak dira. Gizarte-babeseko zutabe hori izan arren, pertsona askok ezin dute hura eskuratu, baldintzak betetzen ez dituztelako. Horren ondorioz, benetako pobrezian dauden biztanleen %30ak ez du laguntza jasotzen8, eta erabat babesik gabe geratzen da.

Pandemia-egoerak gehien kaltetu dituen pertsonak maila biopsikosozioekonomiko zaurgarriena dutenak dira, eta horrek gizarte-zerbitzuen laguntza-eskaerak nabarmen handitzea ekarri du. Honek tentsioak eragin baditu ere, neurri urgenteak ezarri ahal izan dira etxez etxeko konfinamendu garaian, oinarrizko premien estaldura bermatzeko. Neurri horiek, ordea, geldialdi bat izan dute deseskalatzea hasi zenetik, baina gaur egungo egoera honetan, sektore ahulenen premiak ez dira desagertu. Eskarien igoerak eta hitzorduak telefonoz bideratzeko osasun-araudia berriak aurrez aurreko arreta mugatu du. Bestalde, zenbait gizarte-zerbitzuk telelana ezarri dute arretan, eta hori iriste oztopo bat izan da eta izaten ari da, batez ere, baliabide pertsonal, sozial eta teknologiko gutxien dituzten pertsonentzat. Ez da ahaztu behar, gainera, laguntza-sare primarioak (familiakoak eta sozialak) ahuldu egin direla konfinamendu perimetralen ondorioz eta besteen etxeetara ez sartzeko aginduak direla eta.

Proposamenak

  • Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna ahalik eta gehien murriztu behar da, bereziki osasun- eta hezkuntza-sektoreetan, Gobernuak onartutako egiturazko plantillak bete arte.
  • EAEko berdintasun ezaren bilakaeraren jarraipen zuzena eta xehatua egin behar da. Euskal finantza-erakunde nagusiek nominen eboluzioari buruzko informazio baliotsua dute, modu bateratu eta anonimoan azter daitekeena. Analisi honi esker, pandemiak gehien kaltetu dituen kolektibo, sektore eta profilak ezagutu ahal izango lirateke, gutxienez lan-kontratua edo lan-jardunari dagokion kontratua duten biztanleen artean.
  • Hiru euskal ogasunek ezarri beharreko neurri fiskalei buruzko gogoeta egin behar dute, pandemiak berdintasun ezan duen eragina murrizteko. Batez ere, lan-errenta eta kapital-errenten arteko tasazio-aldeak kontuan hartuta9. EAEko zerga-eskumenak tresna garrantzitsuak dira, eta COVID-19aren ondorio sozioekonomikoen aurrean aktibatu egin behar dira, Nazioarteko Diru Funtsak adierazi duen moduan10.
  • DBEren prestazioak jasotzeko eta mantentzeko baldintzak berrikusi, arrazoi administratibo hutsengatik prestazioak ez kobratzea ekiditeko asmoz, hainbat gizarte-erakundek duela urte batzuetatik eskatzen dutenaren ildo beretik11. Bestela, udaleko gizarte-zerbitzuek premiazko kudeaketako beste prestazio mota bat aktibatzea, gutxieneko diru-sarrera bat ziurtatzeko.
  • 2020ko maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez onartutako Bizitzeko Gutxieneko Errenta berehala kudeatu eta kobratzen dela ziurtatu. Honen eskabidea erraztea.
  • Pandemia garaian Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzeko behar diren mekanismoak aztertu. Oinarrizko errenta unibertsalaren ereduaren arabera, errentak bermatzeko egungo sistemek estaldura-sistema unibertsal eta baldintzarik gabeko baten norabidean aurrera egiteko aukerei buruzko elkarrizketa publiko zabala ireki eta bultzatzea12.
  • Udal eta Foru Aldundietako gizarte-zerbitzuei partida ekonomiko gehigarriak eman, egungo baldintzak direla-eta pertsonek izan ditzaketen arazo eta zailtasun sozioekonomikoei aurre egin ahal izateko.
  • Lanpostu berriak sortu, bai zerbitzu publikoetan (osasuna, gizarte-zerbitzuak, etab.), bai eta sektore pribatuko eremuetan (supermerkatuak, banaketa-enpresak, etab.) ere, pandemiaren ondorioz hauen lan-jarduera nabarmen handitu baita. Lanpostu horiek langabezian geratu diren pertsonentzat izango lirateke, oinarrizko soldata baino askoz ere txikiagoak diren aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteen diru-sarrerak osatzeko. Era honetan enplegua sortu eta zerbitzuen kalitatea hobetzen da, bai maila publikoan bai pribatuan.

  1. Mullainathan, S. y Shafir, E. (2016). Escasez. México: Fondo de Cultura Económica. ↩︎

  2. Han, B. C. (2017). La sociedad del cansancio. Barcelona: Herder Editorial. ↩︎

  3. FSS de CCOO de Euskadi (2019). La temporalidad como método. El empleo en Osakidetza/SVS, 13/06. http://ccoo.eus/73f36396cf5ffefc05b21deb2daa7af8000056.pdf ↩︎

  4. Rasul, I. (2020). The Economics of Viral Outbreaks. AEA Papers and Proceedings, 110, 265–268 ↩︎

  5. Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Empleo, Inclusión Social e Igualdad. (2020). Plan de Defensa del Empleo. ↩︎

  6. Wade, L. (2020). An unequal blow. Science, 368(6492), 700–703. ↩︎

  7. CaixaBank Research (2020). El impacto económico de la COVID-19 en la desigualdad: this time is different. ↩︎

  8. Zalacain J. (2018) ¿Es la renta básica universal un nuevo reto para Euskadi? Retos de las políticas contra la pobreza en Euskadi. Fundación Eguia-Careaga. https://www.caritasgipuzkoa.org/sites/default/files/2018-03/joseba_zalakain._renta_basica_universal_un_reto_para_euskadi.pdf ↩︎

  9. Díaz de Sarralde Santiago & Garcimartín, C. (2015). ¿Hay alternativas al modelo fiscal dominante? Una propuesta de impuesto global sobre la renta de las personas físicas. Ekonomiaz: Revista vasca de economía, (88), 124-145. ↩︎

  10. de Mooij, R., Fenochietto, R., Hebous, S., Leduc, S., & Osorio-Buitron, C. (2020). Tax Policy for Inclusive Growth after the Pandemic. IMF Fiscal Affaires, Special Series on COVID-19 ↩︎

  11. Erletxea (2016). Llamamiento a todas las personas a las que Lanbide ha suspendido la RGI. 14/12. https://www.erletxea.org/es/berria/2016-14-12/llamamiento-todas-las-personas-las-que-lanbide-ha-suspendido-la-rgi ↩︎

  12. Sevilla, J., (coord. y dir.) (2019). Reforzar el bienestar social. Del ingreso mínimo a la renta básica. Observatorio social de “la Caixa”. https://observatoriosociallacaixa.org/documents/22890/182418/Informe%20renta%20basica_es.pdf/3642780f-87f5-8141-5993-864af1851e31 ↩︎