Ohitura osasuntsuak

COVID-19aren zabalpena murrizteko hartu diren zenbait neurrik osasunari lotutako ohituren aldaketak eragin dituzte. Bereziki, Estatu Espainiar osoan 7 astez etxetik ateratzea galarazia egon zen, nahitaezko jarduerak egiteko ez bazen, jende askorentzat fisikoki aktibo mantentzeko zailtasunak sortuz. Espainian jarduera fisikoaren urritzea bereziki handia izan zen, %30-40 bitartean jaitsi baitzen1. Horrekin batera pantailei lotutako jokabide sedentarioek gora egin dute2. Gainera, egoera hau epe ertainean manten daitekeela behatu da. Horrela, Txinan itxialdia bukatu eta hiru hilabetera oraindik ez ziren berreskuratu COVID-19 aurreko jarduera mailak3. Interesgarria da jakitea erakundeetatik pertsonak aktibo mantentzea sustatu eta kanpoko jarduera fisikoa baimendu zuten zenbait Estatutan jarduera fisikoak gora egin duela4.

Horrekin batera, itxialdiak elikadura ohituretan eragin nabaria izan du5. Orokorrean gehiago jan da eta elikadura portaera ez osasungarriek gora egin dute: elikagai osasungaitzak gehiago aukeratu, kontrolik gabe jan eta otordu arteko snack-ak gehiago kontsumitu dira, besteak beste. Horren arrazoiak aztertzean, etxean igarotako denboraz gain, berrogeialdiak sortutako estresa, antsietatea eta asperdura arrisku-faktoretzat hartu dira. Bestalde, mediterraneoko dietarekiko atxikimenduak gora egin du zenbait herritan, emakumeetan batez ere6. Era berean, otorduak etxean gehiago egin direnez, dieta murriztaileen kudeaketa erraztu da (zeliakoena adibidez), transgresio gutxiago neurtuz7. Ordea, obesitatea zutenen eta aldez aurretik elikadura-portaeraren asaldurak zituztenen ohiturek okerrera egin dute8.

Aurreko guztiak agerian jartzen du itxialdiak jarduera fisikoan eta elikadura ohituretan eragindako aldaketek osasuna mehatxatzen dutela, bereziki kezkagarria dena. Izan ere, sasoi fisiko eta nutrizio-egoera ona ezinbestekoak baitira osasunerako eta ongizaterako. Alde batetik, gaixotasun kronikoen (hipertentsioa, diabetea, obesitatea, sindrome metabolikoa) eboluzioa baldintzatu dezakete9. Hori pandemia egoeran benetan garrantzitsua da gaitz kronikoak dituztenek, osasuntsuak direnen aldean, COVID-19ko sintoma larriagoak izateko arrisku handiagoa dutela behatu baita10. Bestetik, gaixotasun kutsagarriei dagokienez, jakina da jarduera fisikoak11 eta elikadura orekatuak12 sistema immunea indartu eta infekzio arriskua murrizten dutela. Horiez gain, sedentarismoak eta elikadura urriak zahartze prozesuak eragindako narriadura fisiko eta kognitiboa bizkortu eta hauskortasuna eta sarkopenia13 eragin ditzakete. Arestian egindako ikerketek frogatu dute pertsona hauskorrek14 eta, oro har, egoera funtzional15 eta nutrizional16 okerragoa dutenek Covid-19ak eragindako sintoma larri gehiago dituztela. Beraz, ez da harrigarria COVID-19ren ondorioz ospitaleratutako pertsona aktiboen hilkortasuna sedentarioena baino baxuagoa izatea17, ezta malnutrizio arriskuan daudenen hilkortasuna18 nutrizio egoera egokia dutenena baino handiagoa izatea.

Bestalde, COVID-19ak edo bere ondoriozko ospitalizazioak (batez ere zainketa intentsiboetakoak) zenbait pertsonetan epe luzeko sintomak sortu dituzte. Horien artean aipagarriak dira abaildura, ahuldadea, arnas egiteko zailtasunak eta sarkopenia19. Ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua20 lagungarri izango dira ere horiei aurre egiteko, baina ikerketa zehatzak behar dira oraindik paziente horientzako protokolo eta jarraibide egokienak zein diren definitzeko.

Nabarmentzekoa da ere pandemia garaiko osasun mentala eta bizi ohituren arteko lotura. Antsietateak eta estresak elikadura patroi kaxkarragoak eragin ditzakete; jarduera fisikoa, berriz, aipatutako asaldurei aurre egiteko erabilgarria izan daiteke.

Bukatzeko, aitortu behar da pandemiak beste osasun ohiturei ere eragin diela. Ez dira ahaztu behar loan, alkohol edo tabakoaren kontsumoan eta beste adikzioetan gertatu diren aldaketak.

Proposamenak

Jarduera fisikoa eta elikadura orekatua ezinbestekoak dira gaitz kronikoei aurre egiteko, COVID-19aren ondorio larriak nozitzeko arriskua murrizteko, eta sistema immunea indartzeko. Horregatik, egoera honetan sasoi fisikoa eta nutrizio-egoera sakon aztertzea beharrezkoa da, erakundeek eta gizarteak zaintza horrek duen garrantzia aitortuz; batetik, funtzio fisikoaren asaldurak eta malnutrizioa garaiz detektatzeko eta, bestetik, gaixotasun kronikoen prebentziorako aholku zehatzak eskaintzeko. Horrez gain, COVID-19aren edo ospitalizazio luzeen ondorioz egoera fisiko eta nutrizionala okertu zaienei arreta berezia eman behar zaie, epe luzeko sintomak arintzen laguntzeko. Baliabide sozioekonomiko urriak izateagatik edo autonomia nahikoa ez izateagatik jarduera fisikoa egiteko edo dietak prestatzeko zailtasunak dituztenei aktibo izateko aukera eta etxerako sukalde zerbitzu eskaintza zabaldu beharko litzaieke. Kolektibo horien artean bereziki aipagarriak dira pertsona adinduak.

Jarduera fisikorako jarraibideak

Etxean, eskuragarri ditugun baliabideekin, jarduera fisikoa egiteko moduak jakinarazi eta sustatu beharko lirateke. Internet-en badaude proposamen ugari eta pandemiarekin batera bere erabilerak gora egin du, gainera, bideokonferentzietako tresnak ere jarduera fisikoa elkarrekin egiteko erabil daitezke. Horren harira, adindun eta baliabide urrikoentzat arrakala digitala murriztea haien osasun ohiturak hobetzeko baliagarria izan daiteke. Baina, ez da ahaztu behar pertsona askoren etxeetan jarduera fisikoa egiteko leku egokirik ez dagoela, eta konfinamendu hertsia agintzen denean horrelako egoerak ere badaudela kontuan hartu beharko litzateke.

Aire zabalean eta jende pilaketarik ez dagoenean kutsatzeko arriskua oso baxua da. Mezu hori, eta baita jendetzak ekiditearena ere, populaziora heldu beharko lirateke, kanpoko jarduera fisikoa oso muturreko egoeretan soilik galaraziz. Bestalde, parkeak, aire zabaleko kirol azpiegiturak eta oinez edo bizikletaz ibiltzeko aukerak ahal den neurrian zabaldu beharko lirateke. Honen arira, etxetik kanpo egiten den ariketa fisikoak, batez ere naturarekin harremanetan egiten dena, arlo psikosozialean duen onura azpimarratu behar da.

Ariketa aerobikoak (ibiltzea, bizikleta, dantza…) egiteaz gain, indarra lantzea ere oso onuragarria da funtzio muskularra mantentzeko eta mendekotasuna saihesteko; batez ere pertsona nagusietan. Gainera, denbora asko mugitu gabe mantentzea ekidin beharko litzateke eta, horregatik, aldi sedentarioak mugimenduarekin maiz tartekatzea komeni da.

Jarraibide dietetikoak

Elikadura ohitura osasungarriak dietaren kalitate nutritibo aberatsena bermatzen dutenak dira. Dietak energiaren eta nutrienteen beharrizan guztiak asetuko ditu, makronutrienteen banaketa orekatua eta, jarduera fisikoari doitutako energia-oreka lortuz. Horrez gain, dieta ahalik eta atseginen izatea gomendatzen da, batez ere pandemia garaian. Horretarako, honako jarraibideak gomendatzen ditugu: fruta eta barazkien eguneroko kontsumoa bermatu, lekaleak astero maiz hartu, zereal integralak aukeratu, esnekiak egunero kontsumitu, fruitu lehorrak dietan sartu, hidratazioa zaindu, oliba olioa lehenetsi eta animalia jatorriko elikagaiak neurriz hartu. Aldiz, honakoak saihestu behar dira: azukre eduki altuko elikagaiak, gatz kontsumoa, gantz aseetan aberatsak diren jakiak, elikagai finduak eta janari lasterra. Amaitzeko, kalitate oneko otorduak egunean zehar orekatuta banatu behar dira, baraualdi tarteak egokituz ere.

Tamalez, pandemiako estres- eta antsietate-testuinguruagatik osasungarriak ez diren elikagaiak jatera jotzen da. Elikadura osasungarriari eusteko motibazioak behera egin du eta gogo aldarteak zuzendutako aukera nagusitu da. Dietaren kontrola berreskuratzea da helburu nagusia: bazkariak planifikatu eta elikagaien nutrizio osaera eta kaloria edukia zaindu behar da.


  1. Wilke J et al. (2021) Pandemic within the Pandemic? Physical Activity Levels Substantially Decreased in Countries Affected by COVID-19. International Journal of Environmental Research and Public Health. 18:2235. https://doi.org/10.3390/ijerph18052235 ↩︎

  2. Rodríguez-Larrad A et al (2021). Impact of COVID-19 Confinement on Physical Activity and Sedentary Behaviour in Spanish University Students: Role of Gender. Int J Environ Res Public Health. 18:369. https://doi.org/10.3390/ijerph18020369 ↩︎

  3. Zhou J et al (2021). Impact of COVID-19 Lockdown on Physical Activity Among the Chinese Youths: The COVID-19 Impact on Lifestyle Change Survey (COINLICS). Front Public Health.;9:592795. https://doi.org/10.3389/fpubh.2021.592795 ↩︎

  4. Constandt B et al (2020) Exercising in Times of Lockdown: An Analysis of the Impact of COVID-19 on Levels and Patterns of Exercise among Adults in Belgium. Int J Environ Res Public Health. 17: 4144. https://dx.doi.org/10.3390%2Fijerph17114144 ↩︎

  5. Ammar A et al (2020). Effects of COVID-19 Home Confinement on Eating Behaviour and Physical Activity: Results of the ECLB-COVID19 International Online Survey. Nutrients 12: 1583. https://doi.org/10.3390/nu12061583 ↩︎

  6. Rodríguez-Pérez C et al (2020). Changes in Dietary Behaviours during the COVID-19 Outbreak Confinement in the Spanish COVIDiet Study. Nutrients 12:1730. https://doi.org/10.3390/nu12061730 ↩︎

  7. Monzani A et al (2020). Adherence to the Gluten-Free Diet during the Lockdown for COVID-19 Pandemic: A Web-Based Survey of Italian Subjects with Celiac Disease. Nutrients. 12:3467. https://doi.org/10.3390/nu12113467 ↩︎

  8. Neira C et al (2021) Consequences of the COVID-19 Syndemic for Nutritional Health: A Systematic Review. Nutrients 2021, 13, 1168. https://doi.org/10.3390/nu13041168 ↩︎

  9. Warburton DE et al (2006). Health benefits of physical activity: the evidence. CMAJ. 2006 Mar 14;174(6):801-9. https://doi.org/10.1503/cmaj.051351 ↩︎

  10. Aly MH et al (2020) Indicators of Critical Illness and Predictors of Mortality in COVID-19 Patients. Infect Drug Resist. ;13:1995-2000. https://doi.org/10.2147/IDR.S261159 ↩︎

  11. Nieman DC et al (2019). The compelling link between physical activity and the body’s defense system. J Sport Health Sci.8:201-217. https://doi.org/10.1016/j.jshs.2018.09.009 ↩︎

  12. Coelho-Ravagnani CF et al (2021) Dietary recommendations during the COVID-19 pandemic, Nutrition Reviews, 79: 382–393, https://doi.org/10.1093/nutrit/nuaa067 ↩︎

  13. Kim JW et al (2019) Prognostic Implication of Baseline Sarcopenia for Length of Hospital Stay and Survival in Patients with Coronavirus Disease. J Gerontol A Biol Sci Med Sci. 29: https://doi.org/10.1093/gerona/glab085 ↩︎

  14. Hewitt J et al (2020) The effect of frailty on survival in patients with COVID-19 (COPE): a multicentre, European, observational cohort study. Lancet Public Health. 5:e444-e451. https://doi.org/10.1016/S2468-2667(20)30146-8 ↩︎

  15. Yates T et al (2021) Obesity, walking pace and risk of severe COVID-19 and mortality: analysis of UK Biobank. Int J Obes (Lond). 2021 Feb 26:1–5. https://doi.org/10.1038/s41366-021-00771-z ↩︎

  16. Damayanthi HDVT et al (2021). Nutritional determinants and COVID-19 outcomes of older patients with COVID-19: A systematic review. Archives of Gerontology and Geriatrics, 95: 104411, https://doi.org/10.1016/j.archger.2021.104411. ↩︎

  17. Sallis R et al (2021). Physical inactivity is associated with a higher risk for severe COVID-19 outcomes: a study in 48 440 adult patients. Br J Sports Med. bjsports-2021-104080. https://doi.org/10.1136/bjsports-2021-10408015. ↩︎

  18. Zhao X et al (2021) Evaluation of Nutrition Risk and Its Association With Mortality Risk in Severely and Critically Ill COVID-19 Patients. JPEN J Parenter Enteral Nutr. 45:32-42. https://doi.org/10.1002/jpen.1953 ↩︎

  19. Casey P et al (2021) COVID-19-induced sarcopenia and physical deconditioning may require reassessment of surgical risk for patients with cancer. World J Surg Onc 19, 8 https://doi.org/10.1186/s12957-020-02117-x ↩︎

  20. Angelidi AM et al (2021) Mediterranean diet as a nutritional approach for COVID-19. Metabolism. 114:154407. https://doi.org/10.1016/j.metabol.2020.154407. ↩︎