Mikro eta mesoekonomia

COVID-19ak aurrekaririk gabeko egoera bat eragin du maila globalean. Pandemiari aurre egiteko lehen ekimena bizi dugun osasun-krisiari aurre egitea izan da, bai eta osasun-sistemek eta herritarrek krisia kudeatzeko erantzunak aurkitzea ere, modu horretan bizitzak salbatu ahal izateko. Ondorio ekonomikoak ere suntsitzaileak izan dira. 2021eko martxoan ELGAk egindako estimazioaren arabera, munduko BPGren murrizketa -%3,4koa izan da, Europan eragin handiagoa izan duelarik (Eurogunea -%6,8 eta Britainia Handia -%9,3) eta eragin txikiagoa Asian, batez ere Txinan, non %2,3 hazi baita1. Europan, Espainia izan da herrialde kaltetuenetako bat (-%11; Alemanian, aldiz, -%5,3 jaitsi da). Euskadin ere ez gaude krisi horretatik kanpo, eta gure BPGa -%9,5 murriztu da2.

Maila mikroago batera jaisten bagara, turismoarekin eta aisialdiarekin lotutako sektoreak, hala nola ostalaritza edo kultura-industriak, eta mugikortasunarekin lotutako industria-jarduerak (garraio-materiala, kautxua edo petrolio-finketa, esaterako) izan dira kaltetuenak eta susperraldi zalantzagarrienak dituztenak dira ere3.

Lurralde, sektore eta baita enpresa-mailako eraginen asimetria hori bizi dugun krisi ekonomikoaren ezaugarri nagusia da4, eta horrek zaildu egiten du haren ondorioak indargabetzeko neurriak hartzea. Krisiaren aurreko erreakzioa oso nabarmena izan da, ahalegin berezia egin behar izan baitu gizarte osoak. Pertsonak egoerara egokitu dira, lan egiteko modu berriak eta kutsatzeak saihesteko protokolo zorrotzak barneratuz. Egokitzapen horretan, zailtasunak handiak izan dira, eta eragin negatibo handiagoa izan dute lan-baldintza okerragoak eta kualifikazio txikiagoa duten kolektiboetan, non emakumeek etxeko lanen eta familia-zaintzaren ahalegin nagusia beren gain hartzeko zailtasun erantsia izan duten5.

Bestalde, enpresek jarduera-shock baten aurrean erreakzionatu behar izan dute, eta horrek errentagarritasunaren beherakada eta finantza-tentsio handiak eragiten dizkie6. Era berean, enpresek balio-kate batzuen hausturari aurre egin behar izan diote, eta horrek ekoizpen-gaitasunean eragina izan du. Honek, ziurrenik, erosketa-politikak birplanteatzea ekarriko du, balio-kateak berriz konfiguratuz7.

Euskadiko administrazio publikoek hartutako neurriei dagokienez, Euskal Herriko 2020rako Lehiakortasun Txostenak adierazten duen bezala, oro har, bizkorrak izan dira, eta Europako erreferentziazko beste eskualde batzuen antzekoak. Horren adibide dira beren finantza-egoera arintzea helburu duten enpresen eskura, oso baldintza onetan, jarri diren laguntza-lerroak8. Enpresek erraztasun horiek erabilita zorpetu egin dira. Izan ere, enpresen zorpetzeak %5,3 egin zuen gora Espainian 2020an9. Administrazioen ahalegin ekonomiko horrek eta zerga-bilketaren murrizketak zorpetze publikoaren pisua nabarmen handitzea ekarri dute. Espainian, zorpetze hori BPGren %120koa da dagoeneko; EAEren kasuan, zorpetzea BPGren %16,1era iritsi zen, hau da, aurreko urtean baino %3,4 puntu gehiago9.

Zailtasun nagusietako bat pandemiaren ondorioen asimetria izan da, zenbait kolektibotan eragin negatiboak nabarmenagoak izan baitira. Era berean, hasierako teoria batzuek “V” mailako krisia aurreikusten zuten arren, susperraldi handi batekin, pandemiaren bilakaera susperraldia atzeratzen ari da krisian fase desberdinak sortuz, non baldintzak eta kaltetutako kolektiboak aldatzen diren10. Gainera, zaila da neurriak hartzea, bai ustekabean aldatzen ari den errealitate bati buruzko datuak izatea konplexua delako, zein horietara azkar egokitzeko sistemak zailtasun estrukturalak dituelako.

Testuinguru horrek, eskura dagoen informazio urria dela-eta ziurgabetasun handia sortu duen shock baten aurrean, eragile ekonomiko guztiek egokitzeko duten gaitasuna testatu du. Erronka nagusia erresilientzia-gaitasun bat sortzea da, gizarte gisa aukera emango diguna datozen urteetan etorkizuneko krisiei aurre egiteko eta pandemia honek sortzen dituen eta sortuko dituen dualtasun-egoerak kudeatzeko. Horrek erraztu egingo du garapen ekonomiko inklusibo eta iraunkorra mantentzea.

Proposamenak

  • Pandemiak hainbat sektoretan duen eragina monitorizatzeko sistema bat sortu (sektoreko behatokia), susperraldiari laguntzeko politika publikoak sektore bakoitzera egokitzen joateko.
  • Bakoitza bizitzen ari den arazoen arabera (likidezia, kaudimena, errentagarritasuna) enpresak sailkatu, enpresa-arazo desberdinetara hobeto egokitzen diren susperraldirako laguntza-politikak definitu ahal izateko.
  • Enpresek eta sektoreek beraiei eragiten dieten erabakiak hartzeko orduan zuzenean parte hartzeko kanal, espazio eta foroak ezartzea, eragile sozial diren aldetik eta egoera pandemiko honetan hartu behar duten erantzukizun sozial eta kolektiboagatik.
  • Oinarrizko ondasun eta zerbitzuen horniduren dibertsifikazioa hurbileko eta tokiko geografietatik (Europakoa eta Espainiakoa) lantzea, lurraldean dauden gaitasunen arabera. Horrela, balio-kateen hausturak eta fabrikazio-prozesuetan ekoizpena mantentzea oztopatzen duten hornidura-zailtasunak saihestea lortuko litzateke.
  • Lankidetza publiko-sozial egokia sortzea, epe ertain eta luzerako etorkizuneko ikuspegiarekin. Balio-kateen jarraipenaz gain, hiru dira enpresa-sarearen etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak, eta pandemiak kolokan jartzen dituenak: likidezia-fluxu nahikoa izatea, ekonomia orokorrean uzkurtu arren inbertsio produktiboak handitu ahal izatea, eta konfiantzazko testuinguru bat sortzea enpresa eta jarduera berrien sorrerari eusteko.
  • Enplegua gaitzeko eta eskuratzeko laguntzak eta politikak abian jartzea, kolektibo bakoitzera egokituta, pertsona guztien ongizatea bermatzeko, batez ere krisi honek gehien kaltetu dituen eta egoera ahulenean daudenena: adinekoak eta mendekoak, enplegua lortzeko gaitasun gutxi dituzten errenta baxuko pertsonak, eta abar (ikus pandemiaren faktore sozioekonomikoen atala).
  • Hainbat motatako pertsona, enpresa eta erakundeei tresna digitalak eskuratzeko eta eremu digitalean gaitasunak sortzeko laguntza ematea, palanka horrek jarduera desberdinen garapenean duen potentziala aprobetxatzeko. Horrek, pandemiak irauten duen bitartean jarduerak mantentzen laguntzeaz gain, pandemiaren ondorengo eraginkortasun eta produktibitatea nabarmen hobetzea dakar, zuzeneko jarduerarekin modu orekatuan konbinatuz. Are gehiago, palanka hori aprobetxatu beharko genuke, dauden jarduera ekonomikoak hobetzeko eta eraldatzeko ez ezik, jarduera ekonomiko berriak arlo digitalean sortzeko ere.
  • Hiru trantsizio handiei (trantsizio berdea, digitala eta soziodemografikoa) aurre egitea erronka gisa ez ezik, eskaintzen dizkiguten aukera gisa behar duten balioa emanez: ekonomia zirkularreko, birziklatze, bermanufakturako, bioekonomiako, zibersegurtasuneko, osasun-industriako eta pertsonen zaintza integraleko jarduerak sortuz, esaterako.

  1. OECD (2021), OECD Economic Outlook, Interim Report March 2021, OECD Publishing, Paris, https://doi.org/10.1787/34bfd999-en. ↩︎

  2. EUSTAT (2021), Cuentas trimestrales IV/2020 ↩︎

  3. Retegi J, Carrillo F, Gil de San Vicente I, Salado J-P. (2020). Análisis sectorial del potencial impacto y recuperación de la crisis en la COVID-19 en las empresas vascas, Reflexiones COVID-19, 3/2020, Orkestra-Instituto Vasco de Competitividad. ↩︎

  4. ORKESTRA (2020), Informe de Competitividad del País Vasco, Publicaciones de la Universidad de Deusto, ISBN: 978-84-1325-099-1. ↩︎

  5. Farre L, Fawaz Y, Gonzalez L, Graves J. (2020) How the Covid-19 Lockdown Affected Gender Inequality in Paid and Unpaid Work in Spain. IZA Discussion Paper No. 13434, Available at SSRN: https://ssrn.com/abstract=3643198 ↩︎

  6. Menéndez, A., y Mulino, M. (2021), Resultados de las empresas no financieras hasta el cuarto trimestre de 2020. Un avance de cierre de ejercicio, Boletín Económico, Banco de España. ↩︎

  7. Miroudot, S. (2020) Reshaping the policy debate on the implications of COVID-19 for global supply chains. J Int Bus Policy 3, 430–442. https://doi.org/10.1057/s42214-020-00074-6 ↩︎

  8. Adibidez: autonomoei eta ETEei zuzendutako kredituak bermatzeko tresnak (%0ko finantzaketa-lerroa Elkargi - Eusko Jaurlaritzaren ETEentzat eta autonomoentzat, edo Covid-19 KOIren abalen lerroak); ordainketak geroratzea, aurrerakinen itzulketa aurreratua (INDARTU, SPRILURreko industrialdeetako alokairuak, Gauzatu Industria, Bideratu Bideratu, Bideratu Berria); enpresak berregituratzeko eta berrabiarazteko laguntza itzulgarriak (Bideratu Covid-19). ↩︎

  9. Banco de España (2021), Cuentas Financieras de la Economía Española correspondientes al cuarto trimestre de 2020 ↩︎

  10. De Vet JM, Nigohosyan D, Núñez Ferrer J, Gross A-K, Kuehl S, Flickenschild M (2021). Impacts of the COVID-19 pandemic on EU industries, Publication for the committee on Industry, Research and Energy, Policy Department for Economic, Scientific and Quality of Life Policies, European Parliament, Luxembourg, 2021. ↩︎