Lege esparrua

Ebidentzia enpirikoak erakutsi du gure esparru juridikoa ez zegoela behar bezala prestatuta 2020ko pandemiak planteatutako egoerari aurre egiteko. Geneuzkan arau asko ez dira egoerara ondo egokitzen edo ziurgabetasun gehiegi dituzte. Funtsezko gaiak, hala nola berrogeialdiaren erregulazioa, nahitaezko txerto bat zein pasaporte immunologiko bat edo txertaketa-ziurtagiri bat inposatzeko aukera, oraindik ere ez dira behar bezala konpondu.

Oinarrizko eskubide eta askatasun publikoen eremuan esku-sartze orok, bai horien garapenean (Konstituzioaren 81. artikulua) bai eta hori gauzatzeko muga edo baldintzaren bat dakarrelako ere (Konstituzioaren 53. artikulua), legezko gaikuntza bat behar du. Gure lurraldean pandemiaren ondorioei aurre egiteko, honako hauek aintzat hartu ditugu: ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoa, alarma-, salbuespen- eta setio-egoerei buruzkoa; apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa, osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzkoa; apirilaren 25eko 14/1986 Legea, osasunari buruzko lege orokorra, eta, bereziki haren 26. artikulua; ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Euskadiko osasun-antolamenduari buruzkoa; urriaren 4ko 33/2011 Legea, osasun publikoari buruzko lege orokorra, eta, bereziki haren 33. artikulua; apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretua, larrialdiak kudeatzeko Legearen testu moldatua onartzen duena, eta, bereziki, haren 8. artikulua; eta martxoaren 14ko 463/2020 eta urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak, SARS-CoV-2 infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera bana deklaratzeko erabili zirenak.

Horrez gain, kontuan hartu behar dira lan-harremanen esparruan hartutako neurriak, epidemiaren hedapena kontrolatzera bideratutakoak, hala nola martxoaren 29ko 10/2020 Errege Dekretuan araututako baimen ordaindu berreskuragarriarena, 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean, funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileen mugikortasuna murrizteko.

Aplikatutako araudia xehetasunez aztertzen bada, 4/1981 Lege Organikoan ezarritako ezohiko esparru juridikoak aukera ematen duela ikusten da, “Osasun-krisien kasuan, hala nola epidemia eta kutsadura-egoera larrien kasuan”, alarma-egoera deklaratzeko, pertsona edo ibilgailuen zirkulazioa edo iraupena ordu eta leku jakin batzuetan mugatzea erabakitzeko, bai eta betebehar jakin batzuen arabera baldintzatzeko ere, eta nahitaezko zerbitzu pertsonalak ezartzeko, urriak 25eko 926/2020 Errege Dekretuan zehaztuta daudenak gaur egun. Hala ere, gaur egun oraindik eztabaidagai da ea Lege Organiko honek oinarrizko eskubide jakin batzuk mugatzea (are gutxiago etetea) ahalbidetzen duen, hala nola, joan-etorrietarako askatasuna. Aipatutako Errege Dekretuek adierazitako alarma-egoeraren aurrean konstituzioaren kontra direneko errekurtsoak aurkeztuak izan ondoren, gaiak Konstituzio Auzitegian ebazteke jarraitzen du.

Bestalde, 3/1986 Lege Organikoa oso urria eta anbiguoa da, eta, hala ere, ia funtsezko baliabide gisa edozertarako erabili da. 14/1986 Legea da Eusko Legebiltzarra bere aurreikuspenak (legegintza eta betearazpena) garatu ahal izateko gaitzen duen lehen arau arrunt integrala.

Bestalde, Estatutuaren ikuspegitik, osasun-arloan, ordena publikoan eta logistikoan, epidemia-larrialdi egoerei estaldura eman ahal izateko eskumenak daude, besteak beste, Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 12. eta 25. ataletan eta 18. eta 17. artikuluetan jasotako eskumen-tituluetan zehaztutakoak, kalterik egin gabe zeharka ukitutako beste sektore-egoera batzuei, hala nola 15., 27., 32., 36. edo 38. ataletan jasotakoei. Aldiz, alarma-egoera deklaratzeak muga ditzakeen askatasun eta eskubideen esparrua Estatuaren aginpidea da.

Kapitulu hau ixtear genuela, Eusko Jaurlaritzak premiazko bidetik Legebiltzarrari igorritako eta ekaina amaitu baino lehen onartu nahi den COVID-19 Pandemia kudeatzeko neurrien lege-proiektuari presazko berrikuspen bat emateko aukera izan dugu. Lege-proiektu honek Konstituzioaren VIII. tituluaren eskumen-esparrua errespetatzen du, eta bestetik, Estatuko araudien babesa hartzen du, dokumentuan jasotako zenbat neurri materialei estaldura emateko.

Ez daukagu, ordea, funtsezko tresna bihurtu den Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren akordioen esparru juridikoaren karakterizazio egokirik. Adibidez, Estatu mailako txertaketa-planaren kategoria juridikoa ez dago batere argi.

Proposamenak

  • Lege-esparrua egokitu eta eguneratu behar da, hartu beharreko neurriei segurtasun juridiko zabalago eta eraginkortasun handiagoa emateko. Gure lurraldean pandemiari erantzuteko irtenbide juridiko, kolektibo eta partikularren multzoa sistematikoki eta koherentziaz finkatu behar da. Arau-ahalegin horrek osasunaren, hezkuntzaren eta, oro har, zerbitzu publikoen ekintza publikoa indartzen lagundu behar du, eta elkartasuna eta gizarte-kohesioa sustatu behar ditu. Abiapuntua Euskadiko osasun-antolamenduaren 8/1997 Legeak izan behar du.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko lege batean pandemiaren kasuan har daitezkeen neurriak zehaztu. Bi legegintza-aukera sortu dira: 1) Osasun Publikoaren Euskal Lege global eta prebentibo bat egitea, arau bakar batean zeharkako dimentsio guztia bildu eta bateratuko duena, koiuntura-maila txikiagokoa eta etorkizunerako balio dezakeena; 2) Larrialdi Sanitarioen Lege batean, COVID-19 pandemiaren egungo baldintza zehatzei heldu, egoera zehatzaren araberakoa, baina antzeko egoera pandemikoen aurrean aplikatzeko ideiarekin. Hor sar litezke, besteak beste, nahitaezko txertaketa, osasun-pasaportea, txertaketa-erregistroak, berrogeialdi eta isolamenduak, aparteko arriskuaren eraginpean dauden langileen jarduera arauketa, eta antzeko beste zenbait gai.
  • Osasun Publikoaren Lege Orokorrak garatu behar duen araudiaren onarpenean aurrera egin behar da.
  • Autonomia-Erkidegoen arteko koordinazio-erakunde eraginkorrago bat sortu behar da, haien funtzionamendua bermatu eta segurtasun juridikoa ematen duen araudi batekin, Konstituzioak arauak hartzeko aurreikusitako organoak gainjarri edo ordeztu gabe.
  • 4/1981 Lege Organikoa egungo pandemiaren egoeretara hobeto egokitu behar da, beharbada, alarma-egoerari aplika dakizkiokeen neurriak zabalduz.
  • Nazioarteko Osasun Araudia aztertu behar da, aire-trafikoan hartu diren neurri batzuekin (proba diagnostikoak eskatzea, adibidez) bateratzeko edo pasaporte immunitarioak (Pasabide Berdea, esaterako) onartzeko duen gaitasuna ziurtatzeko, EBn emandako osasun-erantzuna eskuratu ezin izan dutenak diskriminatu gabe.
  • Hartutako neurriak betetzen direla bermatzera bideratutako zehapen-araubide posibleak modu koherentean antolatu eta arautzea, bai alarma-egoeraren salbuespenezko araubidearen barruan, bai eta legeria arruntetik abiatuta ere. Osasun Publikoaren aurkako delitua berreskuratzea komeni den aztertu beharko litzateke, osasun kolektiborako arriskutsuak izan daitezkeen jokabideen kasu larrienetarako.