Komunikazio politika

Azken mendean aurrekaririk ez duen krisi honek erronka itzelak planteatu ditu komunikazio politikaren eremuan. Emergency Risk Communication alorrean orain arte erabilgarri izan diren ohiko esku-liburuek1 —orain eta hemen— ez dute askorako balio, sortu den egoera komunikatiboa guztiz ezezaguna baita2. Abagune honetan argi, zehatz eta labur komunikatzea oso lan zaila bilakatu da, egoera oso nahasia eta aldakorra izaten ari baita. Horregatik, oso garrantzitsua da gobernuek, osasun agintariek eta hedabideek informazio zehatza ematea herritarren izua eta kaos sentsazioa saihesteko eta konfiantza transmititzeko3.

Horren ordez, komunikabideen lana bideratzeko saiakerak izan dira agintarien aldetik, informazio-gardentasuna oztopatuz. Kazetariek Osasun Sailera jo ohi dute informazio-iturri gisa baina, sarritan, zeharkaezina zirudien isiltasun horma topatu izan dute. Esaterako, une batzuetan emandako datuak murriztu egin izan dira, esperotakoa litzatekeen moduan eskaintza zabaltzen joan ordez. Bestetik, Osasun Saileko zenbait arduradunekin ia ezinezkoa izan da elkarrizketa bat lortzea. Horrezaz gain, agintariek ahots kritikoak ez dituzte behar bezain beste kontuan hartu, profesional publikoen aburuen agerpena oztopatuz edota beste zenbait azalpen kritiko eragotziz.

Gobernuak hartutako neurri eta erabakiak, sarritan, ez dira behar bezala azaldu, ez eta berauek hartu edo berrestearen arrazoiak edota espero zitezkeen ondorioak. Maiz gertatu izan da erabakien atzetik dauden azalpen teknikoak eskuragarriago izan direla sare sozialetan (norbanakoen ekimenez), Jaurlaritzaren informazio-iturrietan baino. Horrezaz gain, beste zenbaitetan erabaki eta aginduekin batera emandako xehetasun eta argudio apurrek nahasmendua baino ez dute eragin gizartean.

Hedabideek euren aldetik nekez heldu diote herritarrei pandemiak ekarri duen errealitate konplexu eta dohakabea azaltzearen ardurari. Gehienetan datu gordinak jasotzera mugatu dira, egun batetik besterako bilakaeran itsututa. Faltan bota izan dira datuak zein erabakiak testuinguruan kokatzea, hauei azalpen bat eskaintzea, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren adierazle egokiagoa izango litzatekeen ikuspuntu zabalago bat jasotzea. Lehen uneetan ulertzekoa izan zitekeen hedabideen zailtasuna konplexutasun eta datu kopuru handiak pilatzen zituen egoera bat ikus-entzule-irakurlegoari iristarazteko, aurrekaririk gabeko egoera izanda. Baina helburu horretarako gure inguruko hedabide gehienetan abiarazi ziren baliabideek (datuen aurkezpenak, infografiak, adierazle epidemiologikoen erabilerak…) apenas ikusi dute bilakaera edo hobekuntza adierazgarririk denbora tarte honetan.

Pandemiaren eboluzioaren inguruko datuak ematean, bozeramaileek sarritan ez dute egoeraren gordintasuna behar bezala azaldu. Nazio ikuspegitik, Hego Euskal Herria estatu mailara ekarriz gero, haren 1.000 biztanleko hilkortasun tasa munduko handienetako bat izango litzateke4, eta datu hori ez da behar bezala azpimarratu agintarien aldetik. Estatistikak okertu direnean, ZIUetako egoera larritu denean edota hildako kopuruak gora egin duenean, Jaurlaritzako eledunek egoeraren gordintasunaren zama nagusia herritarren bizkar gainean uztea hobetsi dute, haien portaera insolidarioak azpimarratuz edota populazioaren sektore zehatz bat seinalatuz, instituzioaren izenean autokritika egin baino.

Bozeramaile karguetan aldaketa dezente izan dira, eta horrek ezegonkortasun sentsazioa erantsi dio berez egonkortasun-irudia eskatzen duen ardura bati, bereziki bizi duguna bezalako ziurgabetasunaren aurrean. Gainera, behar baino gehiagotan, bozeramaileek galdera zailei iskin egin izan diete eta jarrera defentsiboa erakutsi. Eledunak idatzizko testuekiko menpekotasun handiegia adierazi izan dute, eta nolabaiteko autonomia komunikatibo apur bat galderak erantzuteko orduan besterik ez. Nabaria da zailtasunak izan dituztela inprobisatzeko. Segurtasun falta antzeman zaie eta, kasu askotan, ez dira izan euskaraz naturaltasunez komunikatzeko gai.

COVID-19-aren inguruan komunikabideek egiten duten etengabeko eta berehalako informazio bonbardaketak herritarrengan antsietatea handitu du eta ez du egoeraren interpretazio egokirik ahalbidetzen, bereziki bilakaera sumatzeko asteak, ez egunak, behar dituen egoera honetan. Egoerak okertzera egin duenetan, adibidez, egun batetik besterako bilakaeraz haratago ez joateak, joerak modu zabalagoan ez azaltzeak, esperogarriak izan daitezkeen txarrerako bilakaerak5 alarmismoz azaltzeak, herritarren antsietate hori areagotu baino ez dute egin. Bestetik, Munduko Osasun Erakundeak salatu duen infodemia horri6 (buloak, desinformazioak etab.) ez diote behar besteko zorroztasunarekin aurre egin. Informazioaren inpaktuari, hunkigarritasunari, eman zaio lehentasuna, etengabeko harridurak herritarrengan sor dezakeen sorgortzea kontuan hartu gabe.

Proposamenak

  • Herritarroi azalpen argiak zor zaizkigu. Gobernuek eta komunikabideek komunikazio zuzena, argia eta egiazkoa egin behar dute. Funtsean, komunikaziorako oinarri garbi eta sendo batzuk behar dira: gardentasuna, zintzotasuna, enpatia, azalpena behar duena azaltzen, eta egoera bera zein hartutako erabaki eta neurriak ulertarazteko behar den informazioa emanez. Ahalduntze informatibo horren bitartez askoz errazagoa izango da herritarron lankidetza.
  • Kantitateari eta maiztasunari baino kalitateari lehentasuna emango dion komunikazio politika behar da7. Garrantzitsuena ez da uneoro agertzea, baizik eta behar denetan azaltzea.
  • Datuak zehatzak, argiak eta eguneratuak izan behar dira. Kazetariak eta komunikabideak gai izan daitezke datu horiek egoki interpretatzeko, baina interpretazio hori egitearen erronkari ausardiaz heldu behar diote, agintariengandik jasotako informazioaren mezulari huts izateari uko eginez. Bizi dugun egoerak beharrezko egin du hedabideek datu kopuru handiak, adierazle konplexuak eta informazio epidemiologiko espezializatua kudeatu eta azaltzeko trebezia lantzea.
  • Komunikazio emozionala zaindu egin behar da. Bozeramaileek eta kazetaritza-lerroburuek, datuez harago, sentimenduak ere helarazten dituzte. Idatzizko eta ahozko komunikazioa beharrezkoak izaki, agerraldi publikoetan eskertuko litzateke testuarekiko hain menpekoak ez diren eledunak izatea. Maskara erabiltzea ezinbestekoa bada ere, herritarrok behar eta eskertzen dugu begietara eta ez paperetara so egiten diguten pertsonak. Egunetik egunerako bilakaera itogarritik haratago, egoeraren eta bilakaeraren ulermen zabalagoa zein neurriei zentzua ematea ahalbidetuko duten kontakizunak behar dira.
  • EAEn zein Nafarroan ofizialak diren bi hizkuntzetan gai diren eledunak behar dira. Maiz suertatu da agerraldi publikoetan gaztelania ardatz hizkuntza izan dela eta euskara, albokoa. Hizkuntza biak maila berean agertu behar dira agerraldi guztietan, bai idatzizkoetan nahiz ikus-entzunezkoetan. Bi hizkuntzetan argi eta garbi mintzo diren eledunak behar dira.
  • Gardentasuna ardatz izango duen komunikazio politika behar da. Egoera zail hauetan opakotasuna baztertu behar da. Oso gordinak badira ere, datu objektiboak eman behar dira, hedabideek eta jendarteak hauek bereganatzeko gaitasunean konfiantza izanez. Eledunek gai izan behar dute kazetarien galdera zailei modu egokian erantzuteko, iskin egin gabe, datuak bere testuinguruan jarriz, estatistika txarrak ezkutatu gabe eta erabakiak hartzeko erabiltzen diren datu, interpretazio eta argudioak zein neurriei ematen zaien zentzua behar adina azalduz. Herritarrok informazio osoa eta komunikazio zintzoa behar ditugu. Jakin behar dugu, adibidez, non kutsatu garen, kutsatzetan zein aldaera nagusitzen ari den, baheketak zergatik egiten diren, edota nola doan txertaketa kanpaina.
  • Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen duen bezala8, jarrera proaktiboa duen komunikazio politika behar da. Egoera zailetan azaltzen dira benetako eledunak, egoerari egiazkotasunez aurre egiten dioten bozeramaileak. Jarrera horrek eskatzen du tik erreaktiboak alde batera uztea, zintzoki jokatzea, hartutako erabakiak egokiak izan direnean azpimarratzea, baita okerrak izan direnean onestasunez aitortzea ere. Estatistikak okertzen direnean herritarrak ezin dira sistematikoki seinalatu errudun bakarrak izango bailiren. Gobernuek autokritika gehiago egin behar dute.
  • Bozeramaile arduretan egonkortasuna behar da. Egoera zailetan eledunaren irudia oso garrantzitsua da. Lasaitasuna transmititu behar du. Berbazko zein berbarik gabeko komunikazioan trebeak diren bozeramaileak behar dira eta horrek egonkortasuna eskatzen du eta ez aldiro ardura horietan aldaketak izatea. Era berean, eskertuko litzateke pandemiaren inguruan azalpenak eman behar dituzten eledun-kopurua ahalik eta txikiena izatea mezuaren eraginkortasuna bermatu eta kontraesanak saiheste aldera.
  • Arriskuaren komunikazio egiazkoa, zorrotza, ulergarria eta irisgarria egitea guztiz beharrezkoa da. Komunikazio honek ebidentzia zientifikoetan oinarrituta egon behar du, eta sinesgarria, koherentea eta denboran trinkoa izan behar du, jendartearen aniztasuna (adinari edo hizkuntzari dagokiona, besteren artean) kontuan izan eta hauen ezaugarri eta beharrei egokituko zaiena.
  • Pandemia garaian egiten den komunikazioak herritarrei eguneroko bizitza erraztu behar die, arriskuak modu burujabean identifikatu eta kudeatzeko irizpideak eskaini eta komunitate seguruagoak eta solidarioagoak eraikitzeko bidea eman9. Garrantzitsua da, adibidez, komunikazioak neurrien eta aholkuen zergatia azaltzen duen logika epidemiologikoa, edota kutsatzeko arrisku faktoreak eta norberaren babeserako baliabideak, zehazki adieraztea eta partekatzea
  • Ezinbestekoa da, halaber, herritarrak entzutea, haiekin hitz egin eta, horretarako, eztabaida-foroak sortzea, logika epidemiologikoa talde eta egoera sozial desberdinetara egokitzeko. Elkarrizketa horretarako aurrebaldintza bat da haien heldutasunean sinestea. Bestetik, informazio eta ikuspegi truke horretan, hedabideen bitartekotza funtsezkoa da. Agintaritzak eta jendarteak hala aitortu eta kazetariek ardura hau bere gain hartzeak elkarrekintza emankor eta lasaigarria eragiteko gaitasuna du, aro pandemiko honek berez ekar ditzakeen ezinegon eta asaldurak baretuz.

  1. Infanti J, Sixsmith J, Barry MM, Núñez-Córdoba J, Oroviogoicoechea-Ortega C, Guillén-Grima F. (2013). A literature review on effective risk communication for the prevention and control of communicable diseases in Europe. ECDC (European Centre for Disease Prevention and Control). https://www.ecdc.europa.eu/sites/default/files/media/en/publications/Publications/risk-communication-literary-review-jan-2013.pdf ↩︎

  2. Heydari, S.T., Zarei, L., Sadati, A.K. et al. (2021). The effect of risk communication on preventive and protective Behaviours during the COVID-19 outbreak: mediating role of risk perception. BMC Public Health 21, 54 (2021). https://doi.org/10.1186/s[^12889]-020-10125-5 ↩︎

  3. WHO, World Health Organization (2017). Communicating Risk in Public Health Emergencies. A WHO Guideline for Emergency Risk Communication (ERC) policy and practice. https://www.who.int/risk-communication/guidance/download/en ↩︎

  4. Mayor, U. (2020) Harrituta. Berria ↩︎

  5. Positiboen kopuruak gora egiteari utzi eta egun batzuetan oraindik ere ospitaleratzeek eta ZIUetako presioak gora egiten jarraitzea, edota neurriak indarrean sartu eta hurrengo egunean datu epidemiologiokoetan hobekuntzarik ez sumatzea, adibidez. ↩︎

  6. WHO, World Health Organization (2020). Immunizing the public against misinformation. https://www.who.int/news-room/feature-stories/detail/immunizing-the-public-against-misinformation ↩︎

  7. Beretta, S., & Bozzolan, S. (2004). A framework for the analysis of firm risk communication. The International Journal of Accounting. 39(3), 265-288. ↩︎

  8. WHO, World Health Organization (2020). Risk communication and community engagement readiness and response to coronavirus disease (COVID-19). https://www.who.int/publications/i/item/risk-communication-and-community-engagement-readiness-and-initial-response-for-novel-coronaviruses ↩︎

  9. Covello, V. T., McCallum, D. B., & Pavlova, M. (1989). Principles and guidelines for improving risk communication. Effective risk communication (pp. 3-16). ↩︎