I+G+b integrazioa

Birusaren hedapena murrizteko prebentzio-neurriek gure gizarteko geruza sozioekonomiko eta industrial guztiak zeharkatu dituzte, eta jarduera ekonomikoak funtsezkoetan eta funtsezkoak ez direnetan banatu dira. Funtsezkoak ez diren jarduerek itxiera luzea izan dute, datu epidemiologikoek berriro irekitzea ahalbidetu duten arte. Pandemia honetan, kudeaketa zaildu duten hainbat “botila-lepo” identifikatu dira; besteak beste, diagnostiko-_kit_en horniketa, txertoen garapen eta banaketa, eta COVID-19aren tratamenduak. Ezagutza sortzeak, gutxienez, lehen bi faktoreak elikatzen ditu. Atal honetan, euskal ikerketa, garapen eta berrikuntzako sareak etorkizuneko antzeko osasun-larrialdiei aurre egiteko egin lezakeen ekarpena aztertzen da. Ikerketa-sarea kontzeptu zabala da, eta ikerketa- eta teknologia-zentroen, unibertsitatearen, industria-sektore bioteknologikoaren eta biosanitarioaren I+G+b barne hartzen ditu. Nazioartean portaera desberdina izan duenez, EAEko zientziaren kudeaketaren funtsezko faktoreetan zentratuko gara:

Ikerketa-ildoen eraginkortasuna eta jarraipena

Itxialdiaren garaian gure gizartean funtsezkotzat jotzen ez diren arloekin batera sailkatu zen ikerketa-sarea. Osasun-esparruari atxikitako salbuespenak salbuespen, hartutako neurriak ez ziren ikerketa-erakundeen ezaugarrietara egokitu, ez eta itxiera horren ondorioak kontutan hartu ere. Laborategi gutxi batzuek baino ez zuten jarduerarik mantendu, pandemiari emandako erantzunarekin lotutako lana garatzeko justifikazioarekin. Oro har:

  • Ikerketa/teknologia zentroen eta unibertsitateen itxiera bapatekoa izan zen, eta oso denbora gutxi egon zen abian ziren ikerlerroen gaineko kaltea txikiagotzeko.
  • Ikerketa-erakundeen irekiera erritmoa oso asimetrikoa izan da; zentro batzuek epe laburrean (bi hilabete baino gutxiago) pandemiara egokitutako plan batekin ekin diote berriro jarduerari, eta beste batzuek, aldiz, handik hilabete batzuetara baino ez dute berriz ireki.
  • Ikerketa- eta teknologia-zentro eta unibertsitateetan beka eta kontratu lehiakorrak dituzten ikertzaileek ez dute erantzun azkarrik izan beren ikerketa-jardueraren geldialdia konpentsatzeko. Zenbait ikertzailek, kontratuaren azken urtean, ezin izan dute pandemiak prestakuntzan izan duen eragina arintzeko luzapenik lortu.

Ikerketa-egituratik datozen baliabide teknologikoen ustiaketa

I+G+b arloko erakunde gehienek baliabide eta gaitasun pertsonal eta materialak jarri dituzte Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura, hainbat ekimenen bidez. Hala ere:

  • Erakunde horien gaitasun analitikoa aintzat hartu duen pandemiari erantzuteko planik ez da egon.
  • Ez da berariazko egiaztapen-plan azkarrik garatu alarma-egoeraren testuinguruan, osasun-sistemak eskatzen dituen kalitate-, espezifikotasun- eta sentsibilitate-irizpideekin I+G+b jardueran aritzen diren erakundeak koronabirusa detektatzeko zereginetan laguntzeko gaituko dituena. Ezta pandemian funtsezkoak diren material edo tresnen ekoizpenari dagokionez ere (esaterako, maskarak edo diagnostikorako suntsikorrak).
  • Ez da laginak kudeatu eta garraiatzeko protokolorik landu, prozesuaren konfidentzialtasuna ziurtatuz, zeregin horiek egiteko gaitasun tekniko eta biosegurtasuna duten ikerketa-zentroetara analisiak kanporatzea ahalbidetuko duenik.

Proposamenak

Oro har, eta eskura ditugun ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-baliabideak ustiatzeko, lehenik eta behin zientziak gure gizartean duen funtzioa argi eta garbi adierazi behar da. Ikerketa funtsezko osagaia da osasun-arazo guztiei erantzuteko, osasun-larrialdiak barne.

Horretarako, ikerketa-sarearen eta Eusko Jaurlaritzako sailen arteko komunikazio-sistema bat ezarri beharko litzateke, baliabide teknologiko eta intelektualak osasun-sistemaren esku geratzen direla ziurtatzeko.

Era berean, I+G+b jardueren jarraipena bermatuko duten ikerketa-sarean larrialdi-planen garapena bultzatu beharko litzateke, aurrerapen intelektual eta teknologikoa murriztu ez dadin.

Goian aipatutako guztia oinarri, beharrezkoa eta premiazkoa izango litzateke:

  • Aholkularitza Batzorde Zientifiko-Tekniko bat sortzea, premia larriei erantzuteko lehentasunezkoak eta erabilgarriak diren I+G+Bko ekimenak aztertzeko. Kritikoa eta beharrezkoa da komunitate zientifiko-teknikoan, osasun-sisteman eta I+G+b kudeatzeko sektorean giltzarri diren figurak identifikatzea. Horrela, osasun-larrialdi baten aurrean batzorde hori bizkor jarri ahal izango da martxan.
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Aholkularitza Batzorde Zientifiko-Tekniko honen arteko komunikazio-kanal bat ezartzea, Euskadiko ikerketa-sareak osasun-alarmari emandako erantzunari buruzko proposamenak behar bezala bideratu, kudeatu eta egokitzen direla ziurtatzeko.
  • Euskal ikerketa-sarea osatzen duten erakundeak irekitzeko protokolo bat sortzea, haien biosegurtasun-prozedura eta -gaitasunetara egokituta, eta ikerketa funtsezko jarduera izendatzea.
  • Ikerketa- eta teknologia-zentro, unibertsitate eta sektore bioteknologiko eta biosanitarioko enpresak egiaztatu eta gaitzeko prozedura bat prestatzea, osasun-larrialdiko egoeretan osasun-sistemaren laguntza-lana sendotzeko. Ezinbestekoa izango litzateke klinikan erabiltzeko garatu diren metodologien kalitatea bermatuko duten protokoloak garatzea.
  • Laginak kudeatu, garraiatu eta kodetzeko protokolo bat garatzea, ikerketa-erakundeek laguntza eman dezaten, material biologikoaren konfidentzialtasun eta trazabilitatea urratu gabe.
  • I+G+b enpresak gaitu eta egiaztatzeko protokolo bat ezartzea, izapide administratiboak bizkortzeko, Euskadin diseinu eta fabrikazio aurreratuko gaitasuna ustiatu eta bultza dadin. Aholku Batzorde Zientifiko-Teknikoari dagokio materialak, gailuak eta tresnak modu azkar, dinamiko eta eraginkorrean diseinatu eta fabrikatzeko beharrak identifikatzea.