Haur, Lehen eta Bigarren hezkuntza

Azken 12 hilabeteek hezkuntza lege organiko zenbaitek baino aldaketa sakonagoak utzi ditu gure hezkuntza sisteman epe ertain zein luzean. Hezkuntzak lehenagotik zekarzkien egiturazko arazo zenbait azaleratu dira, larritu ez gutxitan. 2020ko martxoaren ikastetxe ororen erabateko itxiera bat-batekotasunetik eta inprobisaziotik kudeatu behar izan zen. Digitalizazioa ikastetxearen lerro estrategikoetan txertatuta zutenak hobeago moldatu baziren ere, beste kasu askotan egoera berriari ez aurreikuspen, ez erantzun neurri ez eta baliabide egokirik ez ziren egon1.

Administrazioak irakaskuntza alorreko langileei ikasgaiak modu telematikoan eman ahal izateko egokitzapenak egin zitzaten eskatu zien. Baina eskolatze birtualeko agertoki berri horretan arrakala digitalaren azaleratzea nabarmendu zen, etxeko diru sarrerak, familia eredua (genero arrakala) edota landatartasun indizeari lotutakoak batik bat. Honen ondorioz, ikasleen %5 eta %10 inguruk dispositibo edota sare digitalerako irisgarritasun arazoak izan zituen2.

Ia hasierako unetik azalarazitako bigarren ondorio eta kezka iturria, hezkuntza edukiei eta hauen ebaluazioari zein euskarari zegozkionak izan dira. Administrazioak ia etapa guztietan curriculum dekretuek ezartzen dutenaren gaineko egokitzapenak proposatu ditu, ebaluazio irizpideetan aldaketa koiunturalak aginduz. Honen salbuespen izan dira Batxilergoaren 2. ikasmaila eta Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa. EAEko ikasleen %75en3 eta Nafarroako %25en4 komunikazio-hizkuntza Euskara da eskoletan, baina etxeetan bere presentzia %15 ingurukoa5 izanik, hizkuntza gaitasunean atzeranzko pausua agerikoa izan da.

Gainera, eskolen itxierak ekarritako sozializazio gabeziaren ondorioz, ikasleen egoera psiko-emozionalean eragina izan duela frogatu da, urduriago (%70,14), tristeago (%55) edota maizago haserretu direlarik (%74,66). Horrez gain, ikastetxeen itxierak ondorioak izan ditu bai jarduera fisikoan bai eta elikadura ohituretan ere (%64,72k gehiago jan du eta %68,1ak opil industrial gehiago jan du)6.

Hezitzaile, maisu-maistra eta irakasleen osasunari dagokionean, irakasleen %50,6k estresa bizi izan duela adierazi du, horietatik %14,1ak estres larriaren eta %4,5ak estres oso larriaren berri eman duelarik. Gainera irakasleen %32,2k adierazi du depresio sintomak izan dituela; horietatik %4,3k sintoma larriak eta %3,2k sintoma oso larriak deklaratu dituelarik. Generoari dagokionez, emakumeek izan dituzte puntuazio altuenak buru osasun aferetan. Adinari dagokionez gainera, parte-hartzaile zaharrenek izan zituzten antsietate eta estres maila altuenak.

2020ko udan hartutako neurrien ondorioz ikastetxeen irekiera orokortuarekin presentzialitatea leheneratu da, hezkuntza araudiaren egokitzapen eta ikastetxeetarako kontingentzia plan eta protokoloen ezartzearekin batera. Ikasturte honetan hezkuntzarako espazioen eta ratioen inguruko kezkak azalarazi dira: ratio altuak, segurtasun neurriak zuzen aplikatzeko espazio egokien falta, aire libreko jarduerak inplementatzeko administrazioaren aholkuaren aurrean arazoak, giza baliabide ez nahikoak, haurren arteko harremanetan eta elkarlanean eteteak…

Covid 19aren pandemiak hezkuntzan egin den inbertsio publikoaren handitzea ekarri du, neurri profilaktiko eta segurtasunari begira, ikastetxeen digitalizazioa, software lizentzia eta gailu teknologikoen erosketari loturikoak nagusiki.

Bukatzeko, hezkuntza ez formala, eskola-kirola eta aisialdiaren eskaintza bertan behera gelditu da lehen une batean ia bere osotasunean, honen ondorio hezitzaile, emozional eta osasunezkoak ebaluatzea zaila izanik ere, agerikoak direlakoan gara. Pixkanaka berreskuratzen ari den eskaintza honetan egin behar izan diren egokitzapenak ere sakonak dira.

Proposamenak

  • Administrazioaren erabaki legegile orok adingabeen behar eta eskubideetara (elikadura, hezkuntza, osasun fisiko zein psikikoa, jolasa, pribatutasuna…) egokitu, zeharka edota xedapen gehigarrien bitartez.
  • Protokoloak ezartzeko garaian, haurren eta gazteen zaurgarritasuna kontuan izan beharko da; beldurra, bazterkeria, antsietatea, isolamendua, elikadura eta beste hainbat ondorio kaltegarri lehen unetik aurreikusiz eta eredu zaintzaileagoetara joaz6.
  • Protokoloak uztartzeko tenorean autonomia maila handiagoa eman ikastetxeei.
  • Egoeraren eta datuen komunikazio garden eta egokitua behar da. Batetik, haurrek eta adingabeek gertatzen ari dena ulertu dezaten, eta bestetik, familiek arriskuaren balorazio errealista egin dezaten, eskolara bidali/ez bidali erabaki edo eskolaz kanpoko bizitza antolatze aldera.

Antolakuntza

  • Burbuila taldeetan ratioak modu orokortuan jaitsi, etapa eta ikas-mailaren bai eta ikastetxearen eta testuinguruaren -ikasleriaren jatorria, lehen hizkuntza eta egoera sozio-ekonomikoa- aldagaiak kontuan hartuz. Irakasleen burbuila arteko mugimenduak mugatu ahal izateko baliabide nahikoak eskainiz.
  • Isolamenduarekin lagundu. Jangela zerbitzua etxean geratzen direnei ere bermatu. Laguntza psikologiko/emozionala eman. Ikasle guztiek etxean baliabide duinak (sare konexio egokia, ordenagailua) izango dituztela bermatuko duen plana definitu.
  • Sarrera-irteera ordutegiak mailakatu, burbuila taldeak nahastu ez daitezen. Leiho irekiak eta musukoak erabili eskola garraioan.

Hezkuntza-espazioei dagozkion neurriak

  • “Ikasle bat -ikasmahai bat” paradigma gaindituko duten neurriak inplementatu, espazio berrien diseinua, ikastetxeen eraberritzeak, altzari, eta abarretan inbertsioak eginez.
  • Kanpo espazioak lehenetsi eta naturara zabaldu. Aterpeak erabili edo aireztatze zabala ahalbidetzen duten karpak jarri eta “espazioa agente hezitzaile” ideiatik abiatuta, kanpo, natura zein barne baliabideen didaktizaziorako baliabideak eskaini. Espazio zabalak probestu7: aretoak, liburutegiak, kirolguneak, jolastokiak…
  • Ikastetxeetan zaintzari loturiko gaitasunen inplementaziorako espazioak sortu; sukaldeak, garbitegiak, brikolaje eta etxeko erreparazio txikien tailerrak, foroak edota naturaren behaketarako baliabideak (baratzeak, urmaelak, baso eskolak…) erabiliz.

Baliabideak

  • CO2 monitoreak ikasgela guztietan jarri, bentilazioa bermatzeko kalitate termikoa gutxietsi gabe. HEPA filtroak erabili bentilazio naturala posible ez denean8.
  • Musuko garden homologatuak leudekeenean, lehentasunez ikastetxeetara banatu, Haur Hezkuntzan eta Hezkuntza Laguntzaren berariazko premia duten ikasleengandik hasita.
  • Haurrei egokitutako probak eskaini kutsadura kateak ahalik eta azkarren etete aldera. Irakasleak ere baheketa zerrendan sartu gelan kasu susmagarririk izan den orotan.
  • Euskararekiko konpromisoa, hornitzaileekiko menpekotasunik ez eta datuen jabetza bermatuko duten teknologietan oinarritutako Hezkuntzarako Estrategia Digital Integrala definitzea non ikastetxe eta ikaslearen digitalizazio osasuntsua bermatzeko baldintza minimoak zehazten diren.

Euskarari dagozkion neurriak

  • Beste erakundeekin elkarlanean adingabeen euskara gaitasunen zaintzarako sareak inplementatu.
  • Euskarazko baliabide teknologikoak, dibulgaziozkoak eta itzulpen zerbitzuak eskuragarri jarri.
  • Giza baliabideak norabide honetan indartu.
  • Lehen hizkuntza atzerriko hizkuntza bat den kasu orotan hau eskola curriculumean txertatzeko pausuak eman, Hizkuntza Trataera Bateratuko neurriak ezarri.

Curriculumari dagozkion neurriak

  • Curriculumean zaintza lan pertsonal zein kolektiboari loturiko edukiak txertatu.
  • Curriculumean iraunkortasunerako hezkuntza eta gaitasun ekosozialei loturiko edukiak txertatu, naturarekiko esperientzia zuzeneko jarduerak eta biofilia sustatuko dutenak.
  • Ebaluazio hezitzaile eta osasungarria helburu, elkarrekiko loturan, enpatian, osasun eta ongizate integralean eta zaintzan jarri fokua. Kalifikazioez gain (edo haratago), irakaskuntza-ikaskuntzaren etenaldia ere erregistratu, geratzen denean. Halabeharrezkoa den kasuetan izan ezik, edukiak ohiko erritmoan lantzearen presioaren eta ebaluazio kuantitatiboen gaineko zama arindu.
  • Covid-19aren inguruko haurren bizipenez hitz egiteko eta hausnartzeko espazioak sortu.

  1. UNESCO (2021): Impacto de la COVID-19 en la educación. https://es.unesco.org/covid[^19]/educationresponse ↩︎

  2. INE: Equipamiento y uso de TIC en los hogares - Año 2020 https://www.ine.es/dyngs/INEbase/es/operacion.htm?c=Estadistica_C&cid=1254736176741&menu=ultiDatos&idp=1254735576692 ↩︎

  3. Eusko Jaurlaritza: Matrikula: Bilakaera-irudiak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen eboluzioa 2015-2016 …2020-2021 https://www.euskadi.eus/matrikula-bilakaera-irudiak/web1-a2hestat/eu/ ↩︎

  4. Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Departamentua: Oinarrizko datuen estatistika. https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estadisticas/estadistica-de-datos-basicos ↩︎

  5. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa (2016). VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskararen eremu osoa. https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/9954/VI_INK_SOZLG-EH_eus.pdf?1499236557 ↩︎

  6. UNESCO (2020): Escuela, salud y nutrición: por qué la COVID-19 requiere una reforma de la educación para luchar contra las desigualdades de género. https://es.unesco.org/news/escuela-salud-y-nutricion-que-covid-19-requiere-reforma-educacion-luchar-desigualdades-genero ↩︎

  7. Sistiaga M. & Andoño i. (2021): Nola balia genezake natura konpetentziak lantzeko? http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20210212/Nola_balia_genezake_natura_konpetentziak_lantzeko_ ↩︎

  8. Gurdasani D. & Alwan N.A. (2021): School reopening without robust COVID-19 mitigation risks accelerating the pandemic. The Lancet, 397, 1177-1178. https://www.thelancet.com/action/showPdf?pii=S0140-6736%2821%2900622-X ↩︎