Hausnarketa kolektibo bat. Konponbide zehatzak.

COVID-19ak goitik behera aldatu du gure bizitza 2020ko otsailaz geroztik. Gaixotasunaren ondorioz, azken hamabost hilabeteotan Hego Euskal Herrian1 5.000 pertsona baino gehiago hil eta gutxienez 20.000 ospitaleratu dira. Planeta ondorio biologiko, sozial eta ekonomiko ikaragarriak dituen egoera sindemikoa2 pairatzen ari da. Aurrean geneukan pandemia arriskua gertagarritzat jo bazen ere (Errinozeronte grisa3), larrutik ordaindu dugu hain impaktu handiko mehatxu baterako prest ez izatea. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu egoera konplexu hau ebidentzian oinarritutako begirada kolektibo eta diziplina anitzeko batetik aztertzea. Gertatu dena eremuz eremu aztertzeak, ordea, badu arriskurik. Pandemia bati aurre egiteak, gertatu den bezala sindemia bihur ez zedin, Osasun Publikoaren ikuspegia eskatzen zuen, osasun-esparrutik haratago. Nahiz eta eremu bakoitza bereizita aztertu, ez dugu ahaztu behar pertsonen osasunaren eta indarrean dauden edo planteatu behar diren politika sozial eta ekonomikoen artean dagoen interdependentzia.

Esku artean duzuen liburu hau shock kolektiboaren sentsazio hori gainetik astintzeko tresna bezala sortu dugu. Gizarte gisa, lehenik pandemiak eta gero neke pandemikoak eragindako paralisia gainditzeko helburuarekin. Horretarako, dozenatik gora eremutan gertatutakoari buruzko hausnarketa planteatu dugu, eta, hala ere, ez gara gai izan funtsezko eremu guztiak lantzeko. Begi-bistako hutsune batzuk geratu zaizkigu, baina ez gara hori justifikatzen saiatuko. Lan hau abiapuntu bezala ulertzen dugunez, laster Liburu Zuri hau eduki gehigarriekin aberastuko dela ziur gaude.

Testu hau landu dugun profesionalok, bai mundu akademikokook zein lehen mailako langileok, honen bitartez, gure lankideak eta gizartea hausnarketa ariketa bat egitera gonbidatzen ditugu. Zertan asmatu dugun eta zertan huts egin dugun ulertzeko. Horretarako, gaur egun eskuragarri ditugun ebidentziak eta zuzeneko testigantzak jaso ditugu. Errespetuzko ikuspegi eraikitzaile batetik, etorkizun hurbilerako konponbideak eta proposamenak jartzen ditugu mahai gainean, krisialdi honetatik ahalik eta ondoen ateratzeko. Baita etorkizun ez hain hurbilerako, etorriko zaizkigun beste krisiei hobe aurre egiteko. Lan hau egiteko John Snow Memoranduma4 hartu dugu oinarri ideologikotzat. Eta hasiera batean ZeroCovid5 estrategia proposatzea pentsatzen bagenuen ere, COVID-19ri buruzko Liburu Zuriaren lehen edizio honetan konponbide ez hain utopikoak proposatzea erabaki dugu. Irmoki sinesten dugu gardentasunaren, eztabaidaren eta elkarrizketa sozialaren premian, eta, horretarako, lan-zirriborro gisa eskaintzen ditugu esparru hauetarako egin ditugun txostenak:

  1. Hitzaurrea: Hausnarketa kolektibo bat. Konponbide zehatzak.

  2. Osasungintza

  3. Ekonomia

  1. Arlo sozialak

  2. Hezkuntza

  3. Lantaldea


  1. Oharra: Liburu Zuri honetako testu batzuk Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu dira, eta beste batzuk Hego Euskal Herriari buruzkoak izan dira. Kasu bakoitzean txostena prestatu duen taldearentzat eskuragarri dauden datuetan oinarritu direnez, erreferentzia-esparruen aniztasun horri eustea erabaki dugu. Jakin badakigu eskumen- eta administrazio-mugek egungo egoerak baldintzatzen dituztela, bai eta dauden arazoei irtenbideak emateko gaitasunari eragiten dietela ere. Hala ere, gure ustez, azterketa, ondorio eta proposamen sektorial xehatu gehienak antzeko aplikagarritasunekoak dira lurraldeko edozein eremuan. ↩︎

  2. Horton, R. (2020). Offline: COVID-19 is not a pandemic. The Lancet 396 (10255) 874. https://www.thelancet.com/journals/lancet/article/PIIS0140-6736(20)32000-6/fulltext ↩︎

  3. Wucker, M. (2016). The gray rhino: How to recognize and act on the obvious dangers we ignore. New : Macmillan. ↩︎

  4. The John Snow Memorandum (2020), https://www.johnsnowmemo.com.
    Elhuyar Aldizkaria (2020), John Snow Memoranduma. https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/john-snow-memoranduma/ ↩︎

  5. Barcelona Institute for Global Health, ISGlobal (2020) What Is a Zero-COVID Strategy and How Can It Help Us Minimise the Impact of the Pandemic? https://www.isglobal.org/en_GB/-/-que-es-una-estrategia-de-covid-cero-y-como-puede-ayudarnos-a-minimizar-el-impacto-de-la-pandemia- ↩︎